
Pabellon 6ko eszenatokian sortzaile berrien bi proposamen (bat euskaraz eta bestea gazteleraz) ikusi ahalko dira otsailaren 8an eta 9an. Gazte sortzaileek beren lengoaien bitartez, kezkabide dituzten istorioak kontatuko dituzte.
Otsailaren 8an, larunbata, Oier Zuñigaren konpainiak (Eneko Gil eta Belen Cruzekin batera) Eresia. Lurra arin bekizu, ama bere proposamen pertsonalaren azken emanaldietako bat aurkeztuko du.
“Ama hil da. Kantu bat, dantza bat, erritu bat… lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko. Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna ote guztiaren erantzuna?”
Otsailaren 9an, igandea, La Chivata Teatrok (Natalia Tapia, Salma el Amrani, Plámena Rodríguez eta Irati Morán) Yo Soy Azul sorkuntza kolektiboa taularatuko du. Piezak zahartzaroari buruzko hausnarketa egiteko gonbidatzen gaitu, umorearen eta antzerki fisikoaren bidez, beti ere, gizarteak emakumeen zahartzeari buruz ezartzen dituen aurreiritziak birpentsatzeko xedez.
“Lau emakumezko aktore gaztek eskutitzak jasotzen dituzte. Istorio ezberdinak gordetzen dituzten eskutitzak. Emakumeen gorputzen inguruko istorioak. Zahartzaroan dauden emakumeenak. Lau emakumezko aktore gazte, zahartzeari buruzko kontakizun soziala aldatzen ari dira, etengabe aldatzen ari diren gorputzen ezkutuko kontakizunak argitara ateraz”.
Bi emanaldien ondoren, publikoarekin solasaldia egongo da. Bertan, sortzaileek beren prozesuak edo proposamena nola sortu zen kontatuko dute eta publikoak ikusitakoari buruzko iritzia emateko edo galderak egiteko aukera izango du.
Informazio guztia: Pabellon 6