
Hil honetan, EHUko Bizkaia Aretoan Euskal emakume sortzaileen zikloaren barruan hiru hitzordu programatu dira.
Lehen aste honetan izango da, hilak 7, Pleibak. Bertso Saio Literarioa. Miren Amurizaren nobelaren pasarte hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira; testuetan oinarritutako gaiekin batzuk, aktualitateari lotuago egon daitezkeenekin beste batzuk. Musika Paule Bilbaok jarriko du eta bertan arituko diren bertsolariak Oihana Arana eta Iruri Altzerreka izango dira.
Hurrengo egunean, Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek 1:1 Eskala Ikuskizuna eskainiko dute, 18:30ean. Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek ihesbide bat bilatu dute musikan eta hitzetan eta bere neurrira ekarri nahi dute errua, erlatibizatu eta eraldatu, onarpenaren pozera eta arintasunaren eskubidera itzultzeko. Paralisitik ateratzeko, ardurara.
Azkenik, maiatzaren 22an, Habia taldearen kontzertua antolatu da, 18:30ean.



