MUSIKA

Bluesak girotutako gaua izango da Zizurkilen

Larunbatean, Zizurkilgo XV. Blues Gaua egingo da, 22:30etik aurrera. Gau blueszale horrek hiru kontzertu bilduko ditu, hiru toki eta ordutegi ezberdinetan: Starblues (Euskal Herria) Pasus tabernan, 22:30ean; Hendrik Rover & Miticos Gt´S (Kantabria), Atxulondo tabernan, 11:45ean; eta, gaua amaitzeko, Awek Blues Band (Toulouse- Frantzia), Egarri tabernan, 01:00etan.

Jaialdiaren antolatzaile Gaztelupeko hotsak diskoetxearen arabera, “blues musika moldeen hotsak  entzuteko parada izango da jatorri desberdinetatik sortutako hiru taldeekin. (…) Azken kontzertuaren ondoren eta gorputzak iraun arte blues, soul eta rockanroll musika jarriko duen DJ saioa izango da”.

Hala, Tolosaldeko Starblues taldeak blues rockzalea, elektrikoa, jorratuko du: “blues piezak, hammondaren soinu bikainak, rock and roll moldekoak, New Orleanseko estiloari jarraitzen zaion pianoak, jazza eta shufflea tartean. Boogietik countryraino iristen diren estiloen nahastura”.

Kantabriako Los Deltonos talde ezaguneko buru ohiak gidatzen du Hendrik Rover & Miticos Gt´S. Hainbat disko argitaratu ditu Hendrik Rover musikariak formatu blueszale honetan, azkena Fetén / Fatal (2016) lan bikoitza. “Hirukote indartsu eta bizia da, musikari zailduak eta bikain konbinatuak, eta sendotasunez eta segurtasun handiz interpretatzen dituzte Rover-en errepertorioa eta ongi bertsioak”.

Azkenik, Awek Blues Band Frantziako blues talde garrantzitsuenetarikoa da. Bluesaren esparru guztietan bikain aritzen den banda da: “Chicagoko bluesa, Texaseko bluesa, shufflea eta swinga, benetako rock & rolla eta rhythm & bluesa bazter utzi gabe”. Zizurkilen iragan hilean plazaratu duten hamargarren diskoa aurkeztuko dute.

Informazio gehiago: hotsak.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button