IKUS-ENTZUN

Lekeitioko Zine Bilerako irabazleak

Iragan larunbatean amaitu zen Lekeitioko Zine Bileraren 35. edizioa. Bertan, 30 lan ikusi dituzte lehiaketaren baitan, eta beste bi lehiaketaz kanpo. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “kalitate oneko lanak izan ditugu aurton Zinebileran, Euskal Herrian ikus-entzunezko lanek izan duten gorakadaren isla”.

Honatx aurtengo palmaresa: Dokumentalen eta erreportajeen atalean, eta zinegile amateurren kategorian, Pello Salaberriak lehenengo saria jaso du Cross Culture Surf, Part1 Lanhinch lanarekin; bigarren saria, berriz, Eider Etxebeste eta Maialen Kaltzakortak jaso dute Potxuak kaleak hartzen filmarekin.
Zinegile profesionalei dagokienez, Carlos Iglesias Serrano zuzendariaren Gure arbasoen ogibidea lanak lehenengo saria hartu du, eta Dragoi Produkzioak ekoiztetxean eginiko Arrasate 1936: Emakumea, gerra eta errepresioa lanak bigarrena.

Argumentuzko lanen atalean ere amateurrak eta profesionalak saritu dituzte. Hala, amateurretan Iruna Gurtubairen The Zealot lanak 1.200 euroko lehendabiziko saria jaso du, eta Iñigo Lopez Castañedaren Tortilla pelikulak, aldiz, bigarrena.
Profesionalen atalean Jose Mari Goenagaren Lagun mina filmak lehenengo saria jaso du, eta Gregorio Muro Harrieten Zeinek gehiago iraun filmak bigarrena.

Sormenezko atalaren harira, amateurretan Asier Susaerta Zabalaren Oinaze egoitzak izan da irabazle, eta bigarren saria jaso duena Mentxu Sesar Iglesiasen Gozo eta Hits izan da.
Profesionaletan, berriz, Iban del Campo Uribarrenaren Kate begitik izan da lehen saria, eta David Bernues Suarezen Desentxufatuak bigarrena.

Horiez gain, Telmo Esnalen Hamaiketako lanak epaimahaiaren aipamen berezia izan du lanaren originaltasunagatik.

Azkenik, Benito Ansola Sarien irabazleak ere aurkeztu zituen Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Bigarren edizio honetan, Maria Elorzak Maider Fernandezek eta Aitor Gametxok lortu dute saria, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa egitasmoagatik. Lan hori ekoizteko 4.000 euro hartuko dituzte, eta film laburra 2013ko ekainaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button