EZLEKUBAT

MAT (ama) , by Gorki

Hilabete batzuetatik hona, Nafarroako Liburutegitik liburu bat hartu nahi izanez gero, lehenago bus bat hartu behar dut. DVDekin okerragoa da, zeren eta hiru egunetako gehienezko epean bus bera lau bider hartu behar dut (joan-etorria bi bider). Lehen Nafarroako Liburutegia Iruñeko Alde Zaharrean zegoen. Mendebaldea-ra eraman zutenetik auzoan liburutegirik gabe gelditu gara. Beraz, apenas joaten naiz liburutegira. Auzokide gehienak ere ez. Pasa den astean salbuespena egin nuen, Nafarroako Filmoteka Nafarroako Liburutegiaren eraikin berean baitago. Eraikin handia eta modernoa da; hau da, arraro samarra: mota guztietako oposaketarako prestatzen ari diren ikasleak dira okupatzaile gehienak; tarteka begirada aldenduarekin zigarreta erretzera ateratzen dira, zonbien antzera, ez bizirik baina ez hilik, ez  erabat esnatuta baina ezta erabat lokartuta; liburuzainak beraiekin ez topatzen saiatzen dira, eta batez ere, begietara zuzenean begiratzea ekiditen dute.

 “Zine eta Literatura. Errusiar nobelistak”, irailean zehar Filmotekak eta Liburutegiak beraien osagai errusiarrak sukaldeko mahai gainean jarri dituzte eta Errusiako ahogozagarriak eskaini dizkigute menu ederra sortuz: zaporetsua eta fina aldi berean, ikusmena eta entzumenarekin dastatzeko prest.
Gorki, Pasternak, Chejov eta Nabokov,… . Koprodukzio frantses, italiar, ingeles eta estatubatuarrek, produkzio sobietarrekin mahai-zapia konpartitu dute eta XX. mendea errepasatu dute: 1926. urteko Mat-ekin hasita, 2000. urteko The Luzhin defence-ra arte.  Lehenengo platera ezin oparoa zen: zine mutu ordu eta erdi, zuzeneko musikaz lagunduta. Mat (hegoaldean La Madre): drama politikoa, iraultzaren giza-begirada, zentzumenetarako erronka, errealismoaren irakaspena.

Gure eguneroko pelikuletan murgilduta, zinema mutua ikustea bitxia iruditu ahal zaigu. Technicolor-aren ordez, zuri eta beltza, mugimendu moztuak (kamerak zotina izango balu bezala) 3Daren ordez (non kamara zure begia den); pianoaren zuzeneko musika, eskenatokiaren bazter soil batetik helduta, Dolby Surround-aren ordez. Gauza guztietarako tartea dago. Ogi apurrak magrekin, Azerbaijaneko kabiarra bezain ongi sar daitezke, momentuaren arabera. Gauza zehatz batzuk soilik momentu puntualetan egiteak noizbehinkakoa esklusibo bilakatzen du.

 “Mat-en ekintza nekazariek eta langileek egindako iraultza batean kokatzen da, 1905.urtean. Pavel ekintzaile politiko gaztea da, eta Vlasov aitarekin egiten du lan lantegi metalurgikoan. Enpresan haien jarrerak erabat aurkakoak dira: semea iraultzailea da, eta greba egiten hasiko da laneko baldintza txarren kontra borrokatzeko; aita, aldiz, gizon bortitza eta alkoholikoa da, eta matxinadako errepresiogileekin elkartuko da. Amaren bihotza bien artean zatituta dago, baina gertaerek iraultzaren kausaren alde jartzera bultzatuko dute”.

Zelakoak diren amak! Gureak ez, jakina… eleberri errusiarretakoak! Estratega trebeak, atzeguardian iraunkorrak, intendentzian ezinbestekoak, borrokalari nekaezinak, inolako errekonozimendu edota dominarik espero gabe. Bizitza osoa gerra ekiditeari ekin diote, soldaduen biziraupena bermatzen duten bitartean.

Film honekin Pudovkinek, bere zuzendariak, sozialismo iraultzailearen sorrera erretratatu nahi izan zuen: sorrera zaila eta mingarria baina itxaropenez beterik aldi berean. Gaur egun Europako krisia Dolby Surrounden entzun dezakegu eta langileriaren miseriak 3Dn ikus ditzakegu. Gauzak horrela, zine mutuaren esentzietara itzultzea bitxia baino lagungarria da benetan.




Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button