ARTEA

“Komisario Berriak” programan aukeratutako proiektuak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Tabakalerak, Azkuna Zentroak eta Artiumek Komisario Berriak programan aukeratutako proiektuak eman dituzte ezagutzera. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua.

Deialdi honetara Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 30.000 euro bideratzen ditu, hots, proiektu bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jasoko ditu.
Zentro bakoitzak bertako jarduerari lotutako lan-ildo berezi bat proposatu zuen eta orain jakitera eman dituzte proiektu irabazleak zeintzuk diren. Hala, Artium Museoan, Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen Ahotsari eman / Pulsar la voz aukeratu da; Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaon, Javier Arbizuren Talud mediodía; eta Tabakaleran, Adonay Bermúdez-en El desempleo tecnológico.

Natalia Isla eta Aitor Bengoetxearen Ahotsari eman/Pulsar la voz proiektua izan da Artium Museoak aukeratutakoa. Proiektu hau “Euskal Herriko azken hamarkadetako soinudun artearen praktiketara hurbiltzen da. Era berean, 1972ko Iruñeko topaketak erreferentziatzat dituzten musika esperimentalaren praktiketara ere hurbiltzen da proposamena. Gainera, Ahotsari eman/Pulsar la voz programaren helburua da belaunaldien arteko lotura sortzea egungo artista, sortzaile eta soinudun artearekin esperimentatu dutenen artean.”

Azkuna Zentroak Javier Arbizuren Talud mediodía proiektua hautatu du, Juan Pacomino eta David Bestue artisten lanak bateratzen dituena. Proiektu horretan, “bi artistak urte honetan paraleloki egiten ari diren ikerketen garapenaren zati bat jasoko da. Aldiberekotasunarekin, konbergentziarekin eta argiarekin zerikusia duten bi artistaren bi praktika”.

Tabakalerak Adonay Bermúdez-en El desempleo tecnológico proiektua aukeratu du. El desempleo tecnológico online erakusketak, “sorkuntza- edo eraldaketa-prozesuen ondare oso bat eskaintzen du, non artistak, piezen artegile diren arren, jarrera pasiborantz lerratzen diren, edo, hobeto esanda, itxuraz ohi baino estatikoagoa den jarrera baterantz. Horietan guztietan mendebaldeko lanaren teknologiak eta nozioak esku hartzen dute, eta bat egitean egilekidetasuna, kolektibitatea eta artearen demokratizazioa kontzeptuak plazaratzen dituzte”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button