ARTEA

Kolonialismo botanikoa

Bego Antón artistak Botanical Frenzy izeneko erakusketa jarri du Montehermoso Kulturuneko Lehenego solairuko aretoan. Irailaren 11 izango da erakusketa ikusteko azken eguna.

Erakusketan kolonialismo botanikoaren eta landareekiko itsutasunaren historia jorratzen da, orkideen sukarra deritzon fenomenoaren bitartez.

Historiak hala narratzen du orkideen sukar hori: “Sir Joseph Bank-ek 1768an ekarri zituen lehen orkideak Europara, Ekialdeko Indietatik, Cook kapitainaren HMS Endeavour ontzian botanikari gisa bidaia luzea egin ondoren. Horrela piztu zen orkideen sukarra, lorea gizarte viktoriarraren estatus-ikur bihurtu baitzen. Aberats britainiarrek ehiztariak bidaltzen zituzten munduan barrena, zientziarako orkidea berriak bilatzera. Haiek ez zuten inolako eragozpenik oihanak arpilatzeko eta loreak hazten ziren zuhaitzak moztu eta erretzeko, eta horrek beste espezie asko galtzea ekarri zuen. Bitartean, Britainiar Inperioan, orkideak enkantean jartzen ziren, milaka liberan. Urteetan zehar, munduko hainbat tokitako lorategi botanikoetako zuzendariek eta museoetako komisarioek orkidea-ehiztarien epopeiak nabarmendu dituzte, heriotzari ere aurre egiten baitzioten, eta benetako heroitzat hartu dituzte. Baina, egia esan, askotan alde batera uzten dira espedizio haietan gertatu ziren gauza lotsagarriak”.

Erakusketa-ikerketa horrek “esplorazio botaniko horiek hala kolonizatutako lurretan nola Europako kontinentean izan dituzten ondorioei buruz hausnartzen du”.

Bego Antón argazkilariak Kazetaritza ikasi zuen eta Bartzelonan Argazkigintza dokumentalean espezializatu zen. New York Times, National Geographic, Esquire, BBC, The Guardian, Le Monde, CNN Photos edo The British Journal of Photography agerkarietan argitaratu da bere lana, eta Guggenheim Bilbao Museoa, PhotoEspaña, Kutxa Kultur Gunea, Tabakalera, Niemeyer Zentroan, Canal Isabel II edota Centro Centron egin izan ditu erakusketak, baita New York, Suitza, Alemania eta Islandian ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button