LITERATURA

Juan Kruz Igerabidek “Maite poemak hasiberrientzat” kaleratu du

Juan Kruz Igerabide idazle porrokatuak Maite poemak hasiberrientzat (Denonartean) poema liburua kaleratu du.

Euskal Filologian doktoregoa duen idazle gipuzkoarrak makina bat lan literario egin ditu  bere ibilbidean. Aipagarriak dira Notre-Dameko oihartzunak (1984) Bizitzarekin solasean (1989), Sarean leiho (1994), edo Mailu isila (2002).  Baina Juan Cruz oso ezaguna da haur eta gazte literaturako liburu askoren egilea delako, izan ere, arlo horretan esperimentatu eta arakatu egin du, batez ere ahozko tradizioaren alorrean, eta poesian. Eremu horretan lan ugari sortu ditu, bai eta ilustratzaileekin batera ere; Elena Odriozola ilustratzailearekin osatutako Eguberria (Nerea, 2012) adibide ona da.
2003an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta azken boladan, EHUko Mikel Laboa katedraren zuzendaria da.

Orain, Maite poemak hasiberrientzat kaleratu du, eta titulua oso esplizitua da, hots, maitasun poemak dira, eta irakurle gazteei  izkiriatu die. Javier Rojo kritikariak esan duen bezala, “lehenengo eta behin azpimarratu behar da Igerabidek, poesia eta gazte literatura oso ondo ezagutzen dituelarik, badakiela gazteen interesekoak izan daitezkeen testuak prestatzen. Izan ere, aurreiritziak alde batera utzita, bera izan zen nerabea begi aurrean paratu eta nerabe haren kezkak, ideiak, zalantzak azaltzen ditu testu hauetan. Idazlan honetan lehenengo amodioez aritzen da eta ikuspuntua amodio horiek gogoratzen dituen helduarena da. Baina ikuspuntu horrek eskain lezakeen talaia baztertuta, nerabezaroko begirada errugabea berreskuratzen saiatzen da. Poema hauetan ikusiko dugu nola gogoratzen diren dudak eta ezinegonak, beldurrak eta zalantzak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button