LITERATURA

Jean Echenozen “14” lana euskaraz

“Bost mutil gerrara joan, eta emakume bat zain, haietako bat noiz itzuliko. Jakiteko dago, ordea, inoiz itzuliko ote diren. Noiz eta nola”.

Horixe irakur daiteke Gerardo Markuletak itzuli duen Jean Echenozen 14 lanaren kontra-portadan. Bertan ere Andu Lertxundiren hitz hauek datoz: “Hasi, irentsi eta bukatu. Eserialditxo batean. 14 nobela laburra da orriz, luzea oihartzunez. Ez da erraza hain urrian hain ugari esatea, baina idazleak ohituta gauzka.”

Mettok argitaletxearen lana izan da argitalpena, eta aurretik, askoren ustez, Europako idazle garrantzitsuenetakoa den Jean Echenoz frantses idazlearen beste lan batzuk ere, euskarara ekarri ditu. Hamabost eleberri argitaratu ditu guztira idazle honek, eta euskaraz irakur daitezke azken laurak.
Hala, Ravel, Lasterka eta Tximista lanek ikusi dute argia, eta orain 14 argitaratu du. Aurreko liburuetan bezala, Gerardo Markuleta aritu da itzulpen lanetan.

Gerardo Markuletak Literatutiaren barruan lan honen aurkezpena egin zuen, eta Diario Vascon jaso dituzte bere hitzak: “Kritikak esan du, aurreko esperimentu narratibo horren ostean, ’14’ honekin Echenozek beste bide bat hartu duela. Baina beharbada ez da hain bide berria. Trilogian pertsonaia historiko banarekin egindakoa, hemen gertakizun historiko batekin egiten du: eleberria ez da nobela beliko bat, gerraren aurkako aldarrikapen zorrotza bada ere. Echenozen meritu handienetako bat horixe baita: ez du etsitzen eleberri-generoaren konbentzioekin, beti koska bat estuago dihardu, generoari zuku gehiago ateratzeko asmotan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button