MUSIKA

Musika kontzertu andana entzuteko parada Ahotsenean

Durangoko Azokako Ahotsenea guneak 10 urte bete ditu, eta urtero bezala diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Aurten guztira 123 sormen-lan berri aurkeztuko dira. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean, aldiz, 53 aurkezpen izango dira (idazleak gehienbat, baina baita musikari zenbait ere), hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, errezitaldia, ikuskizuna, emanaldi akustikoa, performancea…

Musikaren harira, hainbat emanaldi interesgarri izango dira. Hasteko, bihar bertan, Rafa Ruedak Hiri kristalezkoa izenburuko lan ederra aurkeztuko du, 13:00etan; Beñat Igerabidek gauza bera egingo du Geldialdi bakoitzean grabazioarekin, 17:00etan, eta Sofa Zarauzko talde instrumentalak, halaber, II diskoa eramango du oholtzara, 18:00etan.

Ostegunean, Paddy Rekalde eta Itsuak 1970eko hamarkadako funk, soul eta old school rap doinuak joko dituzte, 13:00etan; handik ordu eta erdira, Aneguria rap musikariak Horchata de chufa diskoa zabalduko du agertokian; eta Velozet rock bandak Deabru berri baten jaiotza diskoan bildutako doinuak joko ditu.

Ostiralean, Ze Esatek! taldeak Ibilita ikasten da erortzen lan gitarra zalea haizatuko du, 13:40an; jarraian, Itziarren Semeak bandak EH Republik diskoa aurkeztuko du; eta 17:40an, Iker Laurobak pop melodiak haizatuko ditu.

Larunbatean, Berri Txarrakek Infrasoinuak disko berria aurkeztuko du, 11:00etan; Euskal Pop Erradikala jorratzen duen Zazkel talde bilbotarrak, berriz, 17:00etan aurkeztuko du Ez entzun; eta 18:20an, Balerdi Balerdik Galtzen ikasteko metodoa joko du.

Amaitzeko,igandean, Xabi San Sebastianek Zuhaitzak ez du beldurrik eramango du eszenatokira, 13:40an; Kaskezur talde nafarrak, halaber, 17:40an aurkeztuko du Azpisugeak lan bikaina eta La Basu artistak Ni naiz izotz erregina diskoan jasotako abestiak kantatuko ditu 18:20an.

Horiek dira guk nabarmendutako emanaldi batzuk, baina askoz gehiago daude programatuta: ahotsenea.durangokoazoka.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button