Bilboko Udalak abian jarri ditu, aurten ere, Zinema Euskaraz, Euskal Jolasak eta Jokoak eta Mundu bat Bertso ekimenak, eskolan gauzatzekoak eta txikienen artean euskararen erabilera sustatu nahi dutenak.
Zinema Euskaraz ekimenak aukera ematen die Bilboko ikasleei euskaraz filmatutako filmak edo euskarara bikoizturik ikusteko, eta film horiek dakartzaten balioak lantzeko (adiskidetasuna, immigrazioa, ingurumenaren begiramena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta beste). Filmak hautatzeko, norentzat diren hartu da aintzat, hau da, haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo bigarren hezkuntzako ikasleendako diren. Urtero-urtero, ikasturtearen barruan, Bilboko zinema-aretoetan, 26 film inguru eskaintzen dira, eta 9.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute, 50 ikastetxetatik.
Bigarren programa Euskal Jolasak eta Jokoak izan da, eta beraren bidez, euskararen erabilera sustatzen da herri kirolekin zerikusia duten jolas- eta kirol-jarduerekin, hala nola txingak, zakuak, sokatira, arraunketa eta beste. Jarduera honen bidez, gainera, ikasleak elkar daitezen bideratzen da: lehen eta bigarren hezkuntzako 1.200 ikasle inguru elkartzen dira, 20 ikastetxetatik.
Azkenik, Udaletxeak, abian jarri du Mundu bat Bertso izeneko ekimena ere, bertsoak, kantak, ahaireak eta bertsolaritzaren oinarri teorikoak lantzen dituena; era horretan, besteak beste, euskara mintzatuaren hobekuntza sustatzen da eskola-umeen artean. Programa hau lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat da, eta urtero-urtero, 1.200 ikaslek baino gehiagok parte hartu ohi dute, 30 edo 35 ikastetxetatik.