MUSIKA

Hautsi da Anphora eta loratu da Loraldia

Gaur bildu dira Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika Bilboko BIRA Kulturgunean Hautsi da anphora zuzenean izeneko CDa aurkezteko. Lan berriaren ideia 2022ko Loraldia Festibalerako sortu zen, eta Hautsi da anphora Ruper Ordorikak 1980an argitaratutako lehen diskoaren izpiritua gordetzen du.

Hautsi da anphora pieza diskografikoak argia ikusi zuenetik hona 43 urte pasatu dira, eta Loraldiak berpiztu nahi izan du, garai hartako kultura altxor berezia gaurkotzeko. Aurkezpenarekin batera Loraldia festibalaren engranaje guztiak mugitzen hasi dira, eta hil osoan zehar, 150 sortzaileren ikusgarriak bilduko ditu aurtengo programazioan.

Bernardo Atxagak 1978an argitaratu zuen ordura arteko euskarazko poesia moldeak bildu zituen anforaren deuseztapenaz beteriko poemategia. Hura Etiopia liburua izan zen. Lan hartan, Bilbok arnasten zuen, Gabriel Arestik narratutako Bilbo islatzen zen, idazleak berak landutako euskara berrian.
Urte batzuk geroago, 1980an, ia modu piratean, Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora diskoa osatu zuen (bere lehen diskoa) liburu hartan agertzen ziren poema gogoangarri batzuk musikatuta.
Ruper Ordorikak atmosfera berri bati ekin zion musikagintzan, eta Atxagaren testu musikatu haiek kultur muin berriaren epizentroa izan ziren.
“Lau hamarkada beranduago, 2022an, berriz, diskoaren kanta guztiak berreskuratu eta plazarik plaza eraman zituen Loraldia eta Korrika Kulturalaren eskutik, bereziki antolatutako produkzio eta bira txiki batean. Arrakasta handiz abiatu zen bira hunkigarri horrek Pott bandako sortzaileak batu zituen eszena gainean Loraldian: Josemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla. Euskal kulturarako une historikoa izan zen.”

Orain, kantak eta Atxagaren testuak batera, iazko biraren zuzeneko grabazioa argitaratu du Pamiela argitaletxeak gure kultur memoria osatu ahal izateko. “Hemen aurkituko ditugu, berriro ere, Pott bandaren akordeak, Eguillorren iruditegia, Gabriel Aresti, surrealismoaren keinuak… Orain dela berrogei urte luze sortu zen unibertso oso bat, gaur egun oraindik garaikidea dena.”

Hemendik aurrera Loraldia tipi-tapa hasiko da bere programazio kulturala zabaltzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button