ESZENA

Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 50. urteurrena Gasteizen

Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 50. urteurrena ospatzeko, 50 emanaldi baino gehiago antolatu dira Gasteizen irailaren 26tik abenduaren 13ra. Emanaldi eta ikuskizun guztien artean Euskal Herrian lehen aldiz ikusgai izango diren 14 proposamen daude, 17 euskal konpainiek ere proposamenak aurkeztu dituzte eta nazioarteko lanen artean ibiliko dira. Udal Antzoki Sarearekin egindako bi koprodukzio egongo dira ere eta Off Lokal deialdiko beste 8 lan. Bertan, lan “harrigarri” bat taularatuko dute: Roger Bernatek zuzendutako Pina Bauschen Udaberriaren sagaratzea.

Jaialdian aurretik parte hartu izan duten NeedCompany, Wajdi Mouawad eta Family Flöz, eta lehen aldiz bertan izango diren beste batzuk izango dira: hala nola Sergio Blanco antzerkigile uruguaitarra, Peeping Tom Belgikako konpainia eta Romina Paula, Argentinako antzerkiko errebelazio berria.

Dantzak ere bere tokia izango du eta horretaz gain, antzerkia publiko zabalari hurbiltzeko hamaika jarduera izango dira: Atalak, Haurtxoak proiektua, funtzio irisgarriak, publikoarekin egindako topaketak… Baina berrikuntza bat ere izango da: ‘Irakurtzeko antzerkia’. Irakurketa-klub baten antzeko formatua duen proposamena da eta Juan Ibarrondok dinamizatuko du. Bertan, Tennessee Williamsen ‘Un Tranvía llamado Deseo’ klasikoaren testua landuko da, eta azaroaren 21ean emango zaio amaiera hura antzeztuta. Jarduera horiei urteurrenarekin lotutako beste ekintza batzuk gehituko zaizkie.

Jaialdian egongo diren izen handien artean hauek daude: Anabel Alonso, Ernesto Alterio, Vicky Peña, Nathalie Poza, Javi Gutiérrez, Luis Bermejo, Pepe Viyuela eta Ana Rujas antzezleak  besteak beste. Baina zuzendari bikainak ere bilduko ditu ekimenak: Mario Gas, Andrea Jiménez, Sergio Peris-Mencheta, David Serrano eta Cris Blanco zuzendari bikainak. Testuei dagokienez, Harold Pinter, Tenesse Williams eta Juan Mayorgaren lanak taularatuko dira, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button