
Katapulta Tour Gipuzkoak hainbat kontzertu antolatu ditu asteburu honetarako, eta horietan Lemak, Luke Armstrong eta Bobbi Relac taldeen proposamen musikalak entzun ahalko dira.
Irailaren 19an, 17:00etan, eta Atlantikaldia jaialdiaren barruan, Lemak taldeak kontzertua eskainiko du Errenteriako Herriko Plazan. Lemak 2019ko uztailean Bergaran eta Antzuolan sortutako taldea da. Kontzertu batzuk eman ondoren, 2021eko urrian kaleratu zuten lehen lan luzea Hegikide. 2024ko otsailean bigarren lana grabatu zuten Gaztain estudioetan: Bi zauri bizi, Bi lore txiki, Bi harribitxi. Lan honekin, “hirukote soinu gordinago eta indartsuagoa eman nahi izan diogu gure musikari, gitarra, baxu ta bateriari protagonismo gehiago emanez eta zuzenekoetan transmititu nahi dugun energia guztia jasoz. “
Irailaren 20 beste bi kontzertuak entzuteko parada egongo da. Luke Armstrong Errenteriako Herriko Plazan izango da 21:30ean, Atlantikaldia jaialdiaren barruan, eta Mendaron Gararock jaialdiaren barruan Bobbi Relac arituko da. Azken jaialdi horretan ere, Arima Soul, Silitia, Pinpilinpussies, EZEZEZ eta Los Chicos taldeak izango dira 17:30etatik aurrera, eta doan.