MUSIKA

“Nuevo Catecismo Catolico” eta “En Llamas” diskoak berrargitaratuak

Donostiako La Perrara punk rock taldearen errautsetatik jaio zen 90eko hamarkadaren hasieran Nuevo Catecismo Catolico (NCC). Hogei urte eta gero, oraindik Arturo (gitarra jotzailea) eta Gonzalo Ibañez (abeslaria eta baxua) anaiek gidatzen duten punk and roll talde bikainak bere lehendabiziko bi diskoak berrargitaratu ditu, taldearen izen bera daukan estreinako diskoa eta En Llamas, bigarrena. Bi diskoak LP bikoitzean kaleratu ditu Solo Para Punks Getafeko diskoetxeak 1993-1995. Los Años en Goo Records lelopean.

La Perrera-ren garaietatik donostiar hauek Amerikako Estatu Batuetako eta Australiako punkarekiko grina erakutsi zuten, Euskal Herrian Ingalaterrako punk soinuekiko joera nagusitu arren. Hala, hastapenetatik The Saints australiarren edo Dictators eta Angry Samoans estatubatuarren kantuak egokitu dituzte. Ez hori bakarrik, glam erritmoek eta punkaren aurreko doinu primitiboak ere lekua izan dute NCC-ren jarioan, Alice Cooper, The Stooges edo Thin Lizzy, besteak beste.

Orain berrargitaraturiko NCC-ren lehenengo bi lanetan taldearen kantu sutsuenak eta zaleek gehien maite dituztenak jasotzen dira: Odio La Velocidad, En Llamas, Detrás de tu Mirada, Incontrolable, edo Sabes Demasiado.

Getafeko Solo Para Punks zigilukoek lan bikaina egin dute bi diskoak berrargitaratzeko. Hala, diseinu dotorean jantzi ez ezik, soinua ere berriro nahastu dute. Horretaz gainera, nabarmendu behar da lanok gehiegizko prezioan saltzen zirela sareko enkante webguneetan.

Amaitzeko, taldea berrargitalpen honi laguntzeko kontzertu bereziak egiten ari da, non nagusiki bi disko horietako doinuekin osaturiko errepertorioa jotzen duten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button