EZLEKUBAT

The Icer Company: “Diskoa espedizio liluragarria izan da”

The Icer Company bandak Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak ondutako Encuentros tokiko taldeentzako musika-lehiaketa irabazi du oraintsu. Taldea 2013an eratu zen, eta ondoko musikariek osatzen dute: Iker Cía (ahotsa eta gitarra), Arkatzi Ezkai (bateria), Ruben Matilla (gitarra) eta Xabier Valverde (baxua). Taldekideak hainbat taldetan aritutako musikariak dira; tartean, Kerobia, Arima Sutan eta Potentor. Iaz, Ur Abisalen Espedizioa izenburuko estreinako lana plazaratu zuen laukoteak. Diskoak Pop, rock eta folk estiloetan ondutako dozena bat doinu biltzen ditu.
Ikerrekin jarri gara harremanetan taldearen nondik norakoak jasotzeko.

Berriki, Encuentros lehiaketa irabazi duzue. Nolakoa izan da esperientzia?

Egia esan gure aurreko proiektuekin noizbait iritsi ginen finalera gazteago eta zaratatsuagoak ginenean. Orduan eta orain musika lehiaketak guretzako lekuz kanpoko gauza bat bezala hartu izan ditugu; esan nahi dut, musika eta artea baloratzea bera oso subjektiboa da, eta gainera, estilo ezberdinetakoa… erronka zaila da. Beste alde batetik, lehiaketetan dagoen giroa ez da erosoa. Nahiz eta guk kontzertu normal bat bezala hartu, beti dago “lehia” hitza buruan dutenak. Baina gure aldetik lehiaketa lasaitasunez hartu genuen, inongo helbururik gabe, gure kontzertu normal bat egin genuen, gure musika bizitzeko modu naturala adierazi genuen. Kontzertu motza izan zen; berotzen hasterakoan bukatuta. Gainera, ezbehar teknikoak izan genituen, eta kontzertua bukatzerakoan, ez ginen guztiz pozik irten (gehienetan gertatzen zaigun bezala, zorrotzegiak garelako, agian); imajinatu gure sorpresa. Agian, gure jarrera lasai hau etsipena izan zitekeen hasieran, askok uste izan dugulako tradizionalki lehiaketa hau ez ote zen musikarik kanpoko faktore batzuekin nahasten… baina gauzak asko aldatu dira.

Euskaraz abesten zuen talde bakarra izan zineten finalean, ezta?

Bai, aurten bai; baina hori ez da Nafarroako eszenaren adierazle. Agian, lehen komentatu dudanagatik euskarazko talde askok ez dute parte hartzen, eta horrek lehiaketa bera pobretzen du. Baina esan bezala, lehiaketan gauza asko aldatu dira, eta badirudi indartu nahi dutela. Pasa den urtean euskarazko letrak zituen Hibakusha taldearen eta La Red Bullet taldearen artean banatu zen saria, eta normaltasun osoz hartu zen. Zentzu horretan, Nafarroan, estilo desberdineko taldeen artean normalizazio betea dago aspalditik. Ez hainbeste estiloen aldetik edo musikaz kanpokoen aldetik. Baina epaimahaikideak musika esparrukoak dira, eta epaimahaikideek ondo ezagutzen dute Nafarroako eszena musikalaren aniztasun eta kalitate maila; azken finean guztiok gara Nafarroako eszena musikala, beraien erronka (zaila benetan) beste zentzu batean da.

Lehiaketa hauek talde berrientzat onuragarriak direla uste al duzue?

Bai, saria oso erakargarria da, eta talde berrientzako baliabide oso beharrezkoa. Agian, lehiaketa ez da kultura laguntzeko tresna hoberena, baina zerbait bada. Beste alde batetik, promozio edo hedapen hobea egin beharko zen, horrela, finalera iristea bera saria izango litzateke. Gure aldetik saria aurrera jarraitzeko baliabide eta indarra izan da.

Zuen kasuan, taldea eratu berria da, baina talde askotan ibilitako  musikariek zarete. Nola sortu zen taldea eta zeintzuk dira zuen aurreko proiektuak?

Bai ni, bai Arkaitz Arima Sutan izeneko taldean arituak ginen urte askotan, eta Ruben, adibidez, Kerobia taldean aritutakoa urte batzuez. Xabier, halaber, beste hainbat taldeetan ere ibilitakoa da. Ez ginen lehenagotik ezagutzen, baina esan daiteke Arkaitzek gidatu zuela taldekideen pilatzea. Prozesu berezia izan zen. Hasieran ni musika esparrutik eta nire ingurutik aldendua egon nintzen denboraldi batez, eta epe zail horretan kantuak sortzen hasi nintzen inolako asmorik gabe. Egun batean, Arkaitzek galdetu zidan zertan nenbilen, eta neukana erakutsi nion. Interes handia erakutsi zuen, eta zerbait egin behar zela esan zidan. Sortutako materiala lagun zituen musikariei bidali eta elkar ezagutu gabe, material hori lantzen hasi ziren.

Ze desberdintasun nabaritzen duzue The Icer Company eta aurreko taldeen artean?

Agerikoa da estilo eta heldutasun ezberdin bat duela musikak, zein letrak, baina esango nuke ezberdintasun nabariena taldearen seriotasun eta konpromisoa dela; aurreko taldeen esperientzia baliatuz, oreka perfektu bat lortu dugu. Argiago daukagu nola nahi ditugun gauzak.

Euskaraz kantatu arren, izena ingelesezkoa da; nondik dator izen hori?

Ez da ingelesa, baina ingelesaren estiloa dauka (ingelesezko musika pilo bat entzuten dugu). Hitz joko bat da, geroz eta zentzu gehiago aurkitzen diogu, baina ez dut gustuko azaltzea, jokoa galtzen baita, kar, kar. Pista bakarra emango dut: proiektuaren jatorriari egindako erreferentzia.

Taldea, 2013an eratu zela irakurri dut, baina jada baduzue disko bat grabatuta. Nolako izan da prozesua?

Esan bezala, hasiera batean, etxean egin nituen kantu batzuen grabaketa sinple bat besterik ez zen izan. Modu pertsonal batean konposatuak eta inongo intentzio finkorik gabekoak. Orduan, Arkaitzi erakutsi nizkion, eta Ruben eta Xabier tartean sartu zituen, kantuak grabatzeko asmoz. Beraiek, beren kabuz, hasierako grabaketa horien gainean beren konponketak egin zituzten. Esan daiteke taldea oraindik sortu gabe zegoela, diskoa eduki arte ez genuen entsegu bakar bat ere egin elkarrekin, ezta talde moduan pentsatu ere. Ideia 2013 urte bukaeran lantzen hasi zen, baina 2014ko Aste Santua arte ez ginen elkartu azken instrumentua grabatzeko: bateria; hain zuzen ere, normalean egiten denaren kontrako prozesua! Kar, kar. Oso berezia eta polita izan zen. Eta hasierako grabaketa hori orain disko bihurtu da. Prozesua oso intuitiboa eta naturala izan zen; norberak bere kabuz eta libreki egin zuen lana etxean, gero, grabatu eta nahastu, eta emaitza paregabea lortu genuen. Artisau lana, dena gure eskuekin egina. Grabaketa hura espedizio liluragarria izan zen.

Beraz, aurreko taldeetan egindako ibilbidea lagungarria izan da talde berriaren estreinako diskoa plazaratzeko.

Beti da lagungarria, bizitzaren nahiz musikaren ibilbidean esperientziak asko balio du, aitzinean egindako lanari esker, taldeak asko aurreratu du denbora oso gutxian. Oinarri tinkoak ditugu denok.

Hainbat kontzertu egin duzue lan hori aurkezteko, nolakoa izan da ikus-entzuleen harrera?

Orokorrean harrera positibotzat har genezake, kritika on asko jaso izan ditugu, eta hori lan onaren ondorioa da; pozik gaude. Gehienek esan digute benetako disko bat dela, kantuetan murgildu dira, eta hunkigarriak bezain politak direla esan digute. Ezin dugu gehiago eskatu. Hori zuzenekoan islatzen da, benetako kantuak intentsitate berezia daukate zuzenean, indarrez bizi ditugu, naturaltasunez. Hala ere, egungo egoera ez da denok nahi genukeen bezain ona: jendeari asko kostatzen zaio kontzertuetara hurbiltzea eta zuzenki asko kostatzen da kontzertuak lortzea. Dena den, gurean jarraituko dugu lanean, hori dena aldatzeko asmoz, eta zerbait ona egiteko helburuarekin, eta gogoa dugu, gero horrek ze¡n ibilbide egingo duen ikusiko dugu.

Nola dago taldea une honetan eta zeintzuk izango dira etorkizunera begirako urratsak?

Bildu ginenetik zuzenekoak jotzen ibili ginen, eta kontzertu pila egin ditugu, gure lehendabiziko lana aurkezteko helburuarekin. Taldea sendotu dugu. Talde bezala geroz eta hobe funtzionatu dugu zuzenekoan, eta hori da, bereziki, maite duguna. Zuzenekoak emateko aukerei ez diegu ezetz esango. Baina paraleloki, garaia da taldearen beste aspektu  batzuk lantzeko, kantu berriak egin eta lan berri bat prestatu. Erronka polita da, eta uste dut geroz eta zailagoa egiten zaigula kantuak konposatzea, ez dakit zergatik. Han-hemen ibili ondoren, entsegu lokal finkoa daukagu orain. Etorkizuneko plana egunez egun lan egitea izango da, eta ikusiko dugu nora goazen. Aurrera egiteko gogoa dugu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button