
Donostiako Arteuparte aldizkariak fanzine ilustratuak omendu dituen ale berezia argitaratu du; hogeita laugarren zenbakia, hain zuzen. Hala, 36 ilustratzaileren irudi bana bildu dute ale monografiko horretan. Ale berezi hori gai zehatz baten inguruan ardaztu da, eta irudigileek ere gai hori jorratu dute euren lanetan: Tecnología Pu(n)ta.
Ilustrazioak, gainera, lau erakusketetan erakutsiko dira, Donostian, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Gaur bertan, Donostiako erakusketa zabalduko da, Dabadaba aretoan, 20:00etan; inaugurazio festa ere izango da.
Aldizkarian parte hartu duten ilustratzaileetako batzuk ondokoak dira: Susi Quiu, Manu Campa, Pablo Delcielo, Mikel Casal, Hanako Mimiko, Mik Baro, Xabier XTRM, CROM 0130, Beñat Olaberria, Noumenow, Ibon Gurrutxaga, Asis Percales, NosE, Iñaki Landa eta Marc Pe.
Aldizkariaren arduradunen hitzetan, “Arteuparte-ren jatorria ilustrazioan dago, eta ilustrazioaren eta ilustratzaileen inguruko aldizkari bat egin nahi genuen. Denboraren poderioz, baina, eboluzionatu egin dugu, eta egun honetan bihurtu gara: hiri- eta arte-egitasmo bat, joerak jorratzen dituena eta lifestyle-koa”.
Informazio gehiago: arteuparte.com