
Bihar hasiko da Berlinen 2016ko Euskal Zinemaldia Jai Alai Blues dokumentalarekin. Azaroaren 24tik 27ra bitartean, bertako Euskal Etxea euskal zinemaren habia izango da eta lau emanaldi jasoko ditu.
Gernika Kulturverein-Berlingo Euskal Etxeak antolatu du ziklo txikia, film ezagunak bilduko dituena. Hala, bihar, azaroaren 24an, Jai Alai Blues zesta-puntari buruzko dokumentala izango da protagonista. Dokumentalak ondoko galderari erantzun nahi dio: “Nola izan liteke zesta punta (Jai Alai) bezalako kirol bat hainbat eta hainbat herrialdeetara zabaldu izana?”. Hala, filmak zestaren historia jorratzen du, bai eta kirola horrek egindako ibilbidea arrakastatsu hainbat herrialdetan barrena. “Egipto, Txina, Filipinas, Kuba, Mexiko edo Estatu Batuak Jai Alaien historiaren lekuko izan dira. Herrialde horietan, pilotariak artistatzat hartuak izan ziren eta hedabideek frontoietako nondik norakoen berri eman zuten”.
Gorka Bilbao zuzendariaren esanetan ere, “Guzti horren unerik garrantzitsuena 70eko urteetan gertatu zen, World Jai Alai izeneko konpainiak enpresa-plan bat sortu zuenenean, Jai Alai AEBetako lurralde osoan zabaltzeko, NBA edo baseball edo fooball ligen antzeko zerbait. Dokumentalaren bigarren zatiak, hain justu, enpresa horren ibilbidea jorratzen du”.
Hurrengo egunetan honako tituluak pantailaratuko dira: Iragan gunea Berlin (25ean), Pikadero (26an), eta Amama (27an)
Informazio gehiago, hemen.