ESZENA

Dantza garaikidearen sorkuntza zikloa garatuko da Nafarroako Unibertsitate Museoan

Gaur egungo dantza sorkuntzari buruzko zikloa ondu du Nafarroako Unibertsitate Museoak azaroko hilabetean zehar.

Hala, gaur bertan, arratsaldeko 19:30ean Presente lana eszenaratuko du Antonio Ruz konpainiak (2018 Dantza Sari Nazionala). Koreografo eta dantzari independenteada berau eta bere diskurtsoak dantzaren izaera irekienarekiko interesa azpimarratzen du. Dantza eta eszenografia-instalazioaren artean, ikuspegi filosofiko eta sentsoriala duen orainaren kontzeptua jorratzen du obran. Angela Chavero, Melania Olcina, Begoña Quiñones, Julian Lazzaro eta Alejandro Moya koreografoek interpretatuko duten dantza piezan, gure eskuetatik ihes egiten duen etorkizunaren inguruan, zentzumenen bidez azaltzen dute orainaren kontzeptua, eta mugimenduaren eta materiaren arteko erlazioa aztertzen dute adierazpen-bide gisa.

Larunbatean, azaroaren 9an, aldiz, Transmutación sorkuntza lana  oholtzaratuko du konpainia berak. Bertan, Museoko bildumako XX. mendeko hainbat egileren zuri-beltzeko argazkien aukeraketa bat abiapuntu hartuta, dantzaren bidez, dantzariek arkitekturarekin, argiarekin eta musikarekin egiten duten jolas iradokitzailea proposatuko dute Irene Tena eta Albert Hernandez Espainiako Ballet Nazionaleko koreografoek. Hitzordua, arratsaldeko 19:30ean.

Eta Igandean, eguerdiko 12:00etan, Antonio Ruz, Irene Tena eta Albert Hernandez dantzariek hitzaldi dantzatua emango dute. Topaketa honetan, publikoarekin partekatuko du Antonio Ruzek bere ibilbide profesionala, eta Irene Tenak eta Albert Hernandezek pieza koreografiko batzuk dantzatuko dituzte.

Azaroaren 14an emango zaio zikloari jarraipena. Hala, Fugas obra taularatuko da 12:00etan, eta  13:00etan aldiz, dantza garaikidea jorratuko den tailerra izango da. Parte-hartzaileek dantza garaikideko ikuskizun bat sortzeko arrazoiak aztertu eta koreografia baten diseinua ulertu ahal izango dute Jean Philippe Dury eta Ana Cabo de Elephant in the Black Box Dance konpainiaren eskutik. Eta azaroaren 15ean, No hay flores inútiles obraren txanda izango da konpainia beraren eskutik.

Egitarauak azaroaren 22an eta 23an, eta 27an eta 28an ere eskainiko ditu koreografia ikuskizunik. Hala, Bending the walls eta Beyond konpainiek, Lava ikuskizuna eskainiko dute 22an; Las alegrías, Paula Quintanaren dantza pieza, 23an; No Half Measures, Taiat Dansaren emankizuna izango da 27an; eta zikloari amaiera emateko, 28an, Trasunto #2, Maria Siebald koreografoaren eskutik.

Egunez eguneko informazio osoa duzue Nafarroako Unibertsitate Museoak duen webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button