MUSIKA

Rafa Rueda intuizioz, “Kristalezko hiria” lan berrian

Sei urte igaro dira Rafa Ruedak bere izenarekin sinatutako diskoa argitaratu zuenetik. Tarte horretan atzera begirako gogoeta egin du, bere ibilbidea aztertzeko asmoz, baina era berean aurrerapauso bat emateko premia ere sentitu du. Aurrera egiteko beharrizan horren emaitza da Hiri Kristalezkoa (Elkar), hiri kontzeptuaren inguruan ardaztutako lana, pop zalea, elektronikaz bustia, berritzailea eta ausarta, bai eta bikaina ere. Bada, musikari bizkaitarrak gaur aurkeztu du diskoa Bilboko Kafe Antzokian.

Hamar kantu bildu ditu Ruedak klan berrian; kanpoan beste 15 gelditu dira. Doinuok maketatzen ari zela, lagun bati erakutsi zizkion, eta hark hiriko kutsua zutela bota zion, “urbanoa”. Hori dela eta, hiriaren inguruan ardaztea erabaki zuen: hamar abestiek hamar pertsonaien izen hartu dute, bederatzi idazlek asmatu dituzten Kristalezko hiria-ren biztanleak. Idazleen artean: Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza eta Leire Bilbao. “Hiria kontraesanez betetako gunea da, non pertsonek duten onena eta txarrena ematen duten”. Diskoan bildutako azken abestia, Irina, Rafaren hitzekin dator. “Outro modukoa da, eta disko nik agurtu behar nuela pentsatu nuen”.

Diskoaren nobedade handiena baina, diskoaren sonoritatean, edukian jasotzen da. Rafa estreinakoz aritu da ekoizle batekin, Jon Agirrezabalaga (We Are Standard). “Arraroa izan da ekoizle batekin aritzea, agintzera ohituta bainago; konfiantza guztia eman behar izan diot, eta asko ikasi dut, nola pertsonalki hala artistikoki”.

Eta horrekin batera, teklatuetatik abiatu da kantuok idazterakoan; gitarrari leku gutxiago utzi dio. “Intuizioz aritu naiz kantuok lantzen. Hori dela eta, gordeta nuen background musikala nabarmenago azaldu da. Duela 25 urte entzuten nuen musikaren arrastoak nabaritzen dira”. Garai hura oso handia izan zen musikariarentzat, Mungiako Morris izeneko pub batean diskoak jartzen zituen, eta garai hartako usainak nabaritzen dira diskoan: “The Cure, Depeche Mode… 1980ko hamarkada amaierako eta 1990eko hamarkada hasierako zantzuak”.

Sortze prozesua “aberasgarria” izan da Rafaren aburuz, sasoi hartako musika eta bere egungo estetika uztartu baititu. “Aurreiritzirik gabe jardun dut”. PILT taldearekin izandako esperientzia berriak eta Split 77 taldeko Aritz Aranbururekin erdibana duen proiektua ere aipatu ditu diskoan eragina izan duten elementu gisa.

Diskoa, gainera, taldearekin  grabatu du, eta zuzenean talde horrekin jotzeko asmoa ere agertu du: Jaime Nieto, baxua (Atom Rhumba, Joseba Irazoki eta Lagunak…), Ander Zulaika, bateria (Lou Topet…), Txus Aranburu, teklatua (Tapia eta Leturia, Arakitz Miner…).

Gaur arratsaldean aurkeztuko du diskoa bakarka Bilboko Zazpikaletan dagoen Elkar saltokian, 19:00etan, Fermin Etxegoien kazetariaren laguntzaz. Bihar, halaber, Donostiako Elkar gunean izango da Leire Palacios kazetariarekin; 16an, Gasteizen, Jon Basagurenekin, eta, azkenik, 17an, Baionan, Panpi Mercapiderekin. Kontzertuen harira, hilaren 24an, Donostiako Victoria Eugenian izango da; abenduaren 6an, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean; 15ean, Tolosako Bonberenean; eta 16an, Amurrioko Burubion.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button