
Odolik gabeko bihotz bat ikusten da. Eskua ez dago odolez zikinduta, baina agerian uzten du bihotz erauziaren tamaina. Bihotz horretan X agertzen da grabatua. Horixe da Alaine Agirreren X hil da (Elkar) azken liburuaren portada.
Kontraportadan hauxe: “Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa… bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exortzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz. Idazle iaio baten sena erakusten du Alaine Agirrek bere bigarren eleberri honetan, kontakizunaren erritmoa eta hizkuntzaren edertasuna trebezia handiz uztartzen baititu gai beraren inguruko bariazio hauek lantzean”.
Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Haur literaturako zenbait ipuin kaleratu ditu: Nire Potxolina maitea, Letra txarra daukat, eta zer?, Nora joan da aitona? eta Bihotza lo daukat, eta zer? Aurten irabazi du Lizardi Saria Hau ez da zoo bat! ipuinarekin. Iaz argitaratu zuen bere lehen eleberria, Odol mamituak. Hauxe da bigarrena.



