LITERATURA

Berezia duelako zauria

Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek Miñan izeneko liburua argitaratu dute Susa argitaletxearekin. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. “Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala”.

Idazten ikasteko ez nuen denborarik izan. Esaten badidazu Aminata, badakit A-rekin hasten dela, eta esaten badidazu Mamadou, pentsatzen dut M batetik abiatzen dela. Baina ez eskatu esaldi oso bat lotzeko, hasi orduko korapilatuko naiz. Aldiz, ekarri erreminta bat, adibidez kamioiak konpontzeko giltza bat, eta utzi mahai honen gainean. Nik berehala esango dizut, “hau hamahirua, edo, hau hamalaua”. Mahai guztia giltzez bete eta begiak estaltzen badizkidazu ere, eskuan sentitu orduko esango dizut, “hau zortzia da”.

Hauxe irakurriko duzue dedikatoriaren azpian. Lehen hitzak dira. Gero beste istorio bat dator. Ibrahima Baldek kontatutakoa.
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du.

Susa argitaletxeak ditu letra guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button