MUSIKA

"Espoloia" ostiral musikalak Bergaran

Eskarmentu handiko baxu jotzaile baten proposamena izango da. Jazza gainditzen duen fusio musikala, izan ere, urte askoan estilo anitzeko musikari andanarekin lan egin ostean (Antonio Carmona, Ruper Ordorika, Kepa Junkera, Alejandro Sanz, Luz Casal, Salif Keita, Joan Baez, Orquesta Mondragón, Ray Gómez, Pitingo…), bere barreneko musika harrari eta sormen gaitasunari bide eman dio bakarkako lehen lanarekin.

Modu autodidaktan lan eginez ikasi zituen baxuaren eta musika konposaketaren sekretuak. Autodidakta, baina langile asegaitza eta zorrotz erabatekoa. Ordutegiak ezartzen zizkion bere buruari ikasi beharrekoak ikasteko. Pixkanaka musika zirkuitu desberdinetan mugitzen hasi eta trebezia nahiz malgutasun bereziko baxu jotzaile bihurtu zen.
Duela bost urte inguru ekin zion konposaketa lanari, eta uste baino denbora gehixeago behar izan duen arren, jazz lengoaia ardatz harturik genero, mundu, eta zapore ugari ferekatzen dituen lana egin du.

Lana osatzen duten 9 piezek Gereren musika unibertso propioa osatzen dute, bai estilo aldetik eta baita osaketa aldetik ere. Parte hartu duten musikarien kopuruari eta haien mailari erreparatzea besterik ez dago lanaren tamainaz jabetzeko. Hiru bateria jotzaile daude: Nathaniel Townsley, Enzo Filippone eta Tino DiGeraldo; lau teklista: Alfonso Perez, Jose Maria Cortina, Fran Rubio eta Miguel Angel Collado; gitarretan Michael Ciro, Paco Rivas, Jose Antonio Rodriguez eta Carlos Camarasa; Luis Dulzaides perkusio jotzailea; Ion Garmendia eta Iñaki Plaza txalapartariak; Jon Robles eta Iñaki Arakistain saxo jotzaileak; Carlos Martin tronboi jotzailea; Kepa Junkera soinujolea eta Armand Sabal-Leco baxu jotzailea.

Sortzaile baten barneko bulkadaren lehen fruitua da La gran casa lana, gaurko kontzertuan entzungo dena.

Errabal diskoetxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button