UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean egin ohi diren jardunaldi hauek unibertsitatera gerturatu nahi dituzte beraien berezitasunengatik bertako ikasketa programetan sartzen oso zaila diren praktika artistikoak. Gaur hasi eta ostiralera bitarte iraungo dute. Aurten, Akme 012 jardunaldiak Low Cost. Emaitza Bikainak lelopean ondu dituzte.
Hala, gaur, 10:00etatik 12:00etara, Ivan Argotek jardunaldiok aurkeztuko ditu. Gero, Isidoro Valcarcel Medinak hitzaldia emango du 14:00ak bitarte. Azkenik, Argotek Pijama Sessions izeneko tailerra zuzenduko du 20:00etatik 8:00etara.
Bihar goizean ere, bi hitzaldi izango dira fakultatean, Nuria Güell, eta Mawatres eta Igor Rezolaren eskutik. Mawatres artista gero, 16:00etatik 20:00etara, Bilbon izango da ekintza artistikoak gauzatzen; Rezola, berriz, Consonni arte ekoizpen-etxeak Bilbon duen egoitzan izango da.
Ostegunari dagokionez, goizean Maria Cañas eta Dalila Conçalves hizlariek berbaldiak egingo dituzte fakultatean. Gero, 13:30ean, Dj Crazy Palmera-k emanaldia egingo du bertan. Azkenik, abenduaren 21ean, San Tomas egunean, parte-hartzaileak Bilbon izango dira munduaren bukaera ospatzen.