BESTELAKOAK

Gabriel Arestiren “Harri eta Herri” liburuaren inguruan

Aurten, 50 urte bete dira Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela, eta hori dela eta, gaur, abenduak 4, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan, Gabriel Aresti Kultura Elkarteak liburu hori berrargitaratu du. Elkarte hori Euskaltzaindiak, Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen dute.

Jendez gainezka egon den aretoan, Xabier Kintana argitalpenaren koordinatzailea eta edizio arduradunak esan du “…omenaldi hau, Arestirekin dugun zorra kitatzeko ahalegin xumea dela”, bere figura eta obra iraunarazteko asmoz.
Tartean ere, eta Gabrielen senideez gain, Rafa Rueda kantaria, Kirmen Uribe, Aingeru Epaltza eta Toti Martinez de Lezea idazlea, Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura elkarteko ordezkaria, Karmelo Landa ikerlaria, Miren Josune Aristondo diputatua, Ibon Areso alkatea, Andres Urrutia euskatzainburua, eta beste hainbeste kultura-eragile ikusi ahal izan ditugu.

Gaur aurkeztu den argitalpena bi liburuk osatzen dute: batetik, Arestiren Harri eta herri liburu berrargitaratua eskaintzen da; eta bestetik, Harri eta Herri – 50. Artikulu bilduma izeneko lana. Bigarren honetan zenbait euskaltzain eta idazlek idatziriko “gogoetak, pasadizoak, gertaerak eta obra horrek eta Arestiren figurak sortarazi dizkien hainbat idazki bildu dira”.

Bigarren obra honetan parte hartu duten batzuk honakoak dituzue: Joan Mari Torrealdai, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Txomin Peille, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Arantza Urretabizkaia, Angel Zelaieta, eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button