ARTEA

Argazki-liburuen ikuspegi kaleidoskopikoa

Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroak (CCCB) eta Foto Colectania Fundazioak batera ekoiztu duten Argazki-liburuen fenomenoa erakusketa Donostiako San Telmo Museora heldu da, eta ekainaren 17ra arte bisitatu ahalko da. Argazki-liburuaren kontzeptura hurbiltzeko sei atal tematikoren inguruan ardaztu da erakusketa.

Argazki-liburuen fenomenoa erakusketak “kultura bisual garaikidean argazki-liburuak duen balioa nabarmendu nahi du, eta aldi berean argazkilaritzaren historiaren interpretazio berri bat proposatzen du argazki-liburuen eta argazki inprimatuen bitartez”.

Erakusketan biltzen diren edukiak oso anitzak dira; Ródchenko, William Klein eta Robert Frank-en argazki-liburuetatik hasi eta fenomeno honetan aitzindari diren Japoniako argazki-liburuetaraino. Tartean, Manuel Alvarez Bravo, Gabriel Cuallado eta Henri Cartier-Bressonen liburuak eta argazkiak ikusgai izango dira; bai eta Laia Abril,Gabriela Cendoya edota Rinko Kawauchi-renak ere.

“Argazki-liburu bat artelan bat da berez. Halako liburuek biltzen dituzten argazkiek kontakizuna osatu eta egile-kontzeptu jakin bati erantzuten diote. Eta obra koral bat da, non diseinuak, grafismoak eta tipografiak, irudien sekuentziak, maketak eta testuak esku hartzen baituten, kontzeptuari eta objektuaren materialtasunari dagozkien ezaugarri multzoa batera bilduz. Azken urteetan, argazki-liburuek hedadura handia izan dute eta nagusitu egin dira argazkilaritza garaikidean. Gaur egun, inoiz baino argazki-liburu gehiago egin, erosi eta saltzen dira, trukatu eta bildu egiten dira, eta aro digitalean murgilduta gaudenean, objektu inprimatura itzultzeko joera gero eta nabarmenagoa antzematen da. Egile askok tresna egokia aurkitu dute formatu honetan euren argazkiak erakusteko, eta baita eremu hobezina ere esperimentaziorako eta sorkuntzarako”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button