ESZENA

"Dantzaldi Ibiltaria" Bizkaitik zehar dantza tradizionala irakasten berriz

"Gozatuz ikastea eta ikasiz gozatzea" da dantza talde honek duen filosofia fina. Ekimena abiatu denetik mila lagun inguruk hartu dute parte dantzaldietan eta honek guztiak animatu ditu berriz egitasmoa abian jartzeko. AIKO taldekideko Sabin Bikandik umoretsu esan duen bezala "hau da berrikuntza, proiektuari jarraipena ematea eta bizi garen garaietan hauek bezalako dantzaldiak aurrera ateratzea zaila baita. Baina proiektuak izan duen harrera itzela izan da, izan ere, Plateruenan egiten ditugun hileroko erromeriak bete egiten dira".

Ekimena Bizkaiko txokoetatik zehar ibiliko da dantzak irakasten, horretarako propio antolatu diren ikastaroen bidez. "Asko ikasten ari gara geu ere. 90 lagun biltzen dira asteartero Plateruenan eta horrela jendeak ikasi egiten du, zaletasuna bultzatzen da eta ikasitakoa praktikan jartzen dute dantzariek."
Hirugarren edizio honetan, Lemoiz, Erandio, Durango, Sopela, Galdakao, Gernika, Zaratamo, Berriz eta Elorrio herrietatik ibiliko dira tailerrak gauzatzen irailean zehar. Modu xume eta erraz batean, eta batez ere gertutasunez, dantzan ikasteko oinarrizko ezagutza bat eskainiko zaie parte-hartzaileei. Datorren urrian hasiko dira ikastaro trinkoak eta ekainera bitartean luzatuko dira.

Honez gain eta ikasten jarraitzeko, tailer ibiltariekin batera, erromeria tradizionala egingo da hilabetero Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan aukera egongo da tailer eta ikastaroetan ikasitakoa praktikatzeko, gehiago ikasteko, dantzan gozatzeko, beste zaletu batzuk ezagutzeko, etab.
Gazte eta helduei zuzendutako ekimen pedagogiko honek soka-dantza, pasodoblea, jota eta beste dantza batzuez osaturiko errepertorioa du, eta lehenego aldiz, Bizkaitik kanpora ere zabalduko da, Zarautz herrira, alegia.

Animatu eta dantza egin!!

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button