LITERATURA

Askatasun eta duintasunez

Meettok argitaletxeak Lev Tolstoiren Hadji-Murat izeneko lana euskaraz publikatu du. Josu Zabaletak egin du itzulpena.

Hadji-Murat, errusiar inperioa XIX. mendearen lehen erdian Kaukasoko mendietan gauzatzen ari den konkista- eta asimilazio-politikaren  kontrako erresistentziako buruzagia, bi botere kontrajarriren artean harrapaturik dago : alde batetik Shamil, islamdar erresistentziako buruzagi nagusia, Hadji-Murat bere mendeko matxinatua hilik ala bizirik (hilik nahiago) harrapatzeko haren familia bahiturik daukana, eta errusiar gudarostea, Hadji-Murat itxuraz babestu, baina familia askatzeko egiazko laguntzarik ematen ez diona.

Ataka gaitz horretan, Hadji-Muraten bizia tenaza batean bezala harrapaturik daukaten bi indarren mende dago . Itxaron beste irtenbiderik ez du, harik eta, itxaropen guztiak galdurik, etsimenaren indarrez eta zorian fidaturik, bere askatasuna eta familiarena lortzeko azken  ahaleginari ekiten dion arte.

Bizia galtzera baizik ezin eraman dezakeen bide horretan, banan-banan erretratatzen dira bizitzea suertatu zaion zirkunstantzietan partaide diren eragile guztiak: matxinatuak, soldaduak, agintariak, errusiar eta kaukasiar herri xeheak.

Eta bidearen buruan, heriotzan  aurkituko du Hadji-Muratek askatasun eta duintasun betea.

Harold Bloom idazlearen iritzian: “Hadji-Murat da munduko kontakizunik onena, edo nik inoiz irakurri dudan onena behintzat”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button