IKUS-ENTZUN

Zine emanaldiak ondu ditu Algortako Azebarri kulturgunean

Algortako Azebarri kultur guneak “zinemaren txokoa” abiatuko du irailean eta urrian. “Heldu zein umeentzako filmak” pantailaratuko dira. Hala, asteazkenean bertan egingo dute lehenengo emanaldia: Basker dokumentala.

Suediako SVT telebistak 1960ko hamarkadako euskal kultura eta gizarteari buruz eginiko Basker izeneko dokumentala aurkeztu zen atzo. Argibel Euba etnologoak aurkitu zituen grabazioak eta horien inguruko ikerketa eta identifikazio lana egin du EHUko Mikel Laboa Katedrari esker. Lan hori guztia euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da liburu eta DVDa batean.

Balio historiko eta etnografiko berezia duten dokumentalak Basker eta Bondei i Baskerland izenekoak dira, eta ahaztuak egon dira orain arte. Bertan euskal gizartea agertzen da bere osotasunean eta folklorea, musika eta dantza tradizionalaren adierazpenak, eta gure kulturak azkeneko hamarkadetan bizi izandako aldaketa sakonak agerian daude. Irudiotan ere herri-kulturako hainbat lekukotza interesgarri daude, batzuk oso zaharrak eta bakanak, “Sakabi eta Egañazpi, Alejandro Aldekoa, Zumarragako Trikitixa, Leon Bilbao, Maurizia eta Karakol… Horiez gain, aparteko esangura historiko eta kulturala daukan txalapartaren eszena bitxia dago: Martuteneko Billandegi baserri-dolarean, sagardo-upelez inguratuta, Jose eta Jose Mari Zabalegi aita-semeak txalaparta jotzen. Txalapartaren ikus-entzunezko testigantzarik zaharrena da, ezagutzen dugun lehenengo erregistroa, hain zuzen ere”.

Azebarrik ondu dituen gainerako zine emanaldiak hauexek dira: irailaren 23an, Porco Ross (Hayao Miyazaki, 1992, Japonia), umeentzako emanaldia; urriaren 17an, Errementari (Paul Urkijo Alijo, 2017, Euskal Herria) eta, amaitzeko, 28an, Ponyo Amildegian (Hayao Miyazaki, 2008, Japonia), hori ere umeentzako filma.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button