MUSIKA

“Bilboloop” jaialdia bi asteburutan egingo da

Aurten, Bilboko Kafe Antzokian egin ohi den Bilboloop jaialdia bi asteburutan egingo da, azaroaren 3an eta 18an.  Hala, ostiralean, Empty Files (Euskal Herria), Klangstof (Holanda) eta Sweat (Erresuma Batua) taldeek joko dute, eta azaroaren 18an, berriz, Cavaliere (Euskal Herria), Jerry Williams (Erresuma Batua) eta Hinds (Madril) bandek.

Horrekin batera, aurreko edizioan Imanol Aldonza argazkilariak egindako irudiekin osatutako erakusketa izango da Ambigu tabernan. Ostatu horretan, hain zuzen, ostiralean, 20:00etatik aurrera, II (Kris G) artistaren kontzertua izango da.

Kafe Antzokian joko duten taldeen harira, Sweat Londres hiriko boskotea da, eta pop dantzagarri eta “sexy”-a jotzen du. Klangstof Koen taldea Van de Wardt holandarraren egitasmoa da eta post-rock eta noise-pop soinuak jorratzen ditu. Empty Files, berriz, Bilboko boskotea da, eta bere jarioan Massive Attack, Nine Inch Nails edo Depeche Mode taldeen zantzuak antzematen dira.

Hinds laukote madrildarra da, eta garage-pop gordina jotzen du, Leave Me Alone iraupen luzeko lana diskoaren ondotik, taldeak EP berria aurkeztuko du Bilbon. Jerry William Portsmouth hiri britainiarrean jaiotako musikaria da, eta bere kantu “freskoetan”  Slow Club, Johnny Cash eta Vampire Weekend artisten eraginak biltzen dira. Azkenik, Cavaliere Alvaro Segovia (Atom Rhumba) gitarra-jotzailearen proiektua da, eta “rock alternatiboa” jotzen du: “riff elektrikoak, blues distortsionatua eta pasio handia”.

Informazio gehiago: bilboloop.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button