BESTELAKOAK

Bidaiak eta abentura paregabeak “Bidaiarien Txokoa” programan

Bilboko Udalak Bidaiarien Txokoa ekimenaren beste edizio bat antolatu du datozen asteetarako. Hala, martxoko hainbat egunetan bidaien eta abenturaren bestelako ikuspegia eskainiko zaie ikus-entzuleei, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan.

Ohikoa den bezala, Bidaiarien Txokoa ekimenaren barruan bidaiariek eta abenturazaleek emandako hitzaldiak, eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko eta Mendi Film Festivaleko film ederrak entzuteko eta ikusteko astia izango da.

Programazioa Belgikari buruzko erakusketa batekin, La ventana belga, abiatuko da datorren martxoaren 5ean, zeina hilaren 16ra arte Begoñako liburutegian bisitatu ahal izango den.
Baina programaren ardatza hitzaldiak dira, eta horiexek Begoñako Udaltegiak bilduko ditu lau saiotan. Hitzaldiekin batera ikus-entzunezko emanaldiak egongo dira eta protagonistek eurek azaldutako dituzte.

Lehena martxoaren 7an izango da, “motxila batekin eta bidaiatzeko gogo handiarekin, bizitzen ari zen Mexikon dena uztea eta itzulerako datarik gabeko bidaiari ekitea erabaki zuen Andrea Bergarecheren esperientziarekin”. Emakume hori Argentinatik Kolonbiara joan zen, Paraguaitik, Boliviatik, Perutik eta Ekuadorretik igaroz, bakarrik eta autostopez.
Martxoaren 9an, Afrikan eginiko bidaia kontatuko du Mikel Bringasek. 2014an familiarekin hasi zuen Afrikako kontinentea zeharkatzeko abentura.
Martxoaren 12an, Jose Miguel Redondoren abentura ikusgarria entzuteko parada egongo da. Autokarabana hartu eta Alaskatik egin zuen bidaia itzela kontatuko du. Naturarekin bat egiteko asmoz, basoen artean dauden agertoki basatien, glaziarren, badian flotatzen ari ziren icebergen, eta Ipar Amerikako mendi garaienetako batzuen bila abiatu zen.
Hitzaldi zikloa martxoaren 15ean amaituko da, euskaraz eskainiko den Munduan bizikletaz: Amerikan hitzaldiarekin. 2015eko udan, Buenos Airesen hasita, Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Pérez de Nanclares hegoalderantz abiatu ziren pedalei emanez. Hegoaldeko azken puntura heldu ostean, berriz gorako bideari ekin zioten, “eta beste planeta batekoak ziruditen paisaiak zeharkatu zituzten”.

Programazioa hiru zine saiorekin osatuko da, Santutxuko Udaltegian, martxoaren 6an, 14an eta 16an. Saio horietan aurretik Zinebin eta Mendi Film Festivalean ikusi ahal izan diren filmak eta dokumentalak eskainiko dira.
Ohikoa denez, egitarauak beste lekuetako soinuak ezagutzeko kontzertua ere jasoko du. Hala, Sabes muy bien taldeak rumba, reggaea, swinga eta beste erritmo bero batzuk haizatuko ditu. Kontzertua martxoaren 13an izango da Santutxuko Udaltegian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button