MUSIKA

‘Musika Bizian’, Estaturik gabeko herrialdeen jaialdia Galdakaon

Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak  izango dira protagonista, urriaren 26 eta 27an  Galdakaon, Andra Mari dantza taldeak antolatu duen Musika Bizian jaialdian, estaturik gabeko munduko jaialdia bakarra. Bere V.edizioan, aurreko urteetan bezala, bestelako jarduerak ere izango dira Galdakaoko kaleak eta plazak girotu asmoz. Hala, kalejirak, umeentzako ikastaroak eta luthier azoka ere ondu dituzte urriko azken astebururako.

Luxuzko egitaraua aurkeztu dute aurten. Ohikoa denez bost talde arituko dira aurtengo edizioan ere, eta Palestina eta Kornualles herrien ordezkaritzak izango dira aurten jaialdira gonbidatutako talde berriak. Palestinaren ordezkari gisa 47 Soul laukoteak jardungo du.  Musika arabiar tradizionalaren formak tresna elektronikoekin uztartzen dute eta Ekialde Hurbilean daukaten arrakastarekin batera, Europako zirkuitu urnderground​ean sartzea lortu dute”, antolatzaileen arabera. Eta Kornuallesetik datorren Flat & Sharps taldeak aldiz, “bluegras, folk, country eta poparen arteko nahasketa eklektiko bat egiten dute”. Kataluniatik, aurretik ere jaialdian parte hartu duen arren, errepikatu egingo du aurten Els Grullers folk seikotearekin. Eta euskal ordezkaritzari dagokionez, Xabi Aburruzaga trikitilariaren eta Esne Beltza talde beteranoaren esku egongo da. Azken horiek hamarkada bat baino gehiago daramate reggae-a, ska edo hip hop-a eta euskal musika tradizionala nahasten.

Galdakaoko kaleak ere kalejiren erritmoz beteko dira, Taberna Ibiltariaren eskutik ostiralean eta, jazz tradizionala eta New Orleansko swing-arekin Marmara galdakaoztar taldearekin larunbatean. Eta Zapatuan familia osoarentzako Euskal Herri osoko luthierren azoka tradizionala eta txikienek artisauak eta haien teknikak ezagutuz goza dezaten ikastaroak. Dena, Iturrondo plazan  jarriko den karpa erraldoian,  jaialdiaren muin bilakatuko dena.

Lorea Bilbao, Bizkaiko Kultura ahaldunak hartu du hitza aurkezpenean eta bere esanetan “jaialdiak zabalkundea adierazten du, gure kultura beste kultura batzuetara zabalik dagoela. Beti izan gara euskaldunak gure kultura baloratzen jakin dugun herria, baina beste batzuengandik ere ikasten dugun herria gara, beste kultura batzuk onartzen jakin dugu herria garelako, aldegitea tokatu izan zaigu eta hartzen ere ba dakigun herria garelako” . Egitarau honekin, “gure musika tradizionala naiz garaikidea oholtzara eraman nahi dugu baina elkarrizketa etengabean, gainontzeko kultura eta musikarekin batera. Horixe da gure musikarentzat, izaerarentzat eta gure herriarentzat ere nahi duguna, etengabeko harremana, bakoitzak bere nortasunetik, besteena errespetatuz eta guztiak ahal den neurrian uztartuz”.

Ibon Uribe Galdakaoko alkateak bere aldetik, Galdakaoztarren identitatearen ezaugarriak mikologian, esku pilotan, mendizaletasunean eta folklorean laburtzen direla adierazi du eta honetan, Andra Mari Dantza Taldeak egindako ibilbidea eta herriari eta herriaren nortasunari egindako ekarpena azpimarratu ditu. Jaialdiaren ibilbideari ere egin dio keinu Uribek: “xumeki hasi ginen jaialdiarekin eta poliki poliki, handitzen eta zabaltzen doan jaladia bihurtzen ari da”.

Andra Mari Dantza Taldeak 2014an sortu zuen Musika Bizian Jaialdia eta orduz geroztik, bere izaerari eutsi dio: irabazi asmorik gabeko folk/rock jaialdia, estaturik gabeko nazioetako lehen mailako taldeak biltzen dituena eta kaleko musika edo familia guztiarentzako ekintzak uztartzen dituena.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button