MUSIKA

Wynton Marsalis izango da Getxoko Jazzaldiaren izar nagusia

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiarekin hasiko da 2013ko Euskadiko jazz denboraldia. Bizkaiko jaialdia atzo, ekainak 18, aurkeztu zuten Bilbon.
Hala, uztailaren 3tik 7ra bitarte egingo den 37. edizioan Wynton Marsalis (1961, New Orleans) tronpeta-jotzaile ezagunak joko du. Estatubatuarrak hamabost jazz musikari handik parte hartzen duten Jazz Lincoln Center Orchestrarekin arituko da.

Marsalis gain, Gonzalo Rubalcaba, Al Di Meola, Stacey Kent eta Ignacio Berroa ariko dira saio nagusietan eta horiei Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa atalaren emanaldiak eta jam sessions saioak gehitu behar zaizkie. Orotara, 18 kontzertu izango dira.

Wynton Marsalis jazzaldiaren azken egunean arituko da, uztailaren 7an. Jazz unibertsoan izan den tronpeta jotzaile onenetarikoa da, eta bere estiloak swing zein bebop-a hartzen ditu modu garaikidean. 80ko urteetan hasi zen nabarmentzen, beti ere, jazz klasikoari lotuta. Bere ibilbidean makina bat musikarirekin jo du, hala nola, Marcus Roberts, Robert Hurst, Wycliffe Gordon, Eric Ree eta Getxon ariko den Lincoln Center Jazz Orchestra.

Ignacio Berroak (La Habana, 1953), berriz, uztailaren 3an joko du. Egungo perkusionista handienetarikoa da kubatarra. 80ko hamarkadan New York hirira joan zen eta bertan, Dizzy Gillespie musikariaren taldean jo zuen. Bere jardunean hamaika musikarirekin jo du, tartean, Chick Corea, Freddie Hubbard eta Tito Puente. 2007an estreinako diskoa grabatu zuen, Códigos, eta Grammy Sarietarako izendatu ere urte horretan. Egun, grabazio berria prestatzen ari da.

Stacey Kent (New Jersey, 1968) jazz kantaria uztailaren 4an arituko da. 90eko urteetan hasi zuen bere ibilbide arrakastatsua eta 1997an Close Your Eyes lehendabiziko grabazioa argitaratu zuen.

Uztailaren 5ean, Al Di Meolak (Jersey City, New Jersey; 1954) joko du. Gitarra jotzaile birtuosoaK, Boston hiriko Berklee College of Music utzi zuen Barry Miles boskotearekin aritzeko. 1974an Chick Corearen eta Stanley Clarken orkestrak kontratatu zuen eta, handik bi urtera, jazz-rock estiloko musikari garrantzitsuenekin hasi zen jotzen. Halaber, hainbat artistarekin aritu da, hala nola, Luciano Pavarotti, Phil Collins, eta Carlos Santana.

Uztailaren 6an, azkenik, Gonzalo Rubalcaba (La Habana, 1963) afrokubatar jazzaren maisuak joko du. 2002an eta 2006an bi Grammy Latino irabazi zituen Supernova eta Solo grabazioei esker.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button