MUSIKA

Xabier Amuriza protagonista Etxanoko Asteburu Kulturalean

“Zalantzarik ez dago 1980. urtean Oskorri talde mitikoak Euskal Herrian Euskaraz abestia argitaratu zuenetik, euskaldunon artean di-da batean bihurtu zela ereserki. Aldarrikapen kutsua izateaz gain, musika gustagarri eta goxoa ere bada. Eta letra? Maisulana!! Xabier Amurizak egina! Baita beste hainbat abestiren letrak ere gure Xabierrenak dira. Eta “gure” azpimarratu beharra dago, geurea dalako, Etxano udalerria zen garaian, Torreburubarri baserrian jaioa delako, euskarari eta herrigintzari hainbeste eta hainbesteko ekarpen egin diona. Euskararekiko eta gure kulturarekiko maitasunean bizi izan duen ibilbide osoaren aitortzagatik hainbat sari lortua. Xabier, benetan sinetsita gaude zorretan gaudela zurekin eta eskaini diguzun guztiagatik aitorpen xume bat egin beharrean gaude.”

Etxanon, urtero antolatzen duten Asteburu Kulturalaren barruan Xabier Amuriza omenduko dute. Aurten Kantua da gaia eta berton asteburu osoko egitaraua atondu dute, azaroaren 10, 11 eta 12an. Ostiralean, haurren kantaldiarekin hasi, larunbatean, egun osoko egitaraua eta igandean, irrintzi ikastaroaren ostean, Etxanoko auzotarren eta Amorebieta-Etxanoko koruen kontzerturaino.

Eta larunbateko omenaldiak egun osoko egitaraua du. Goizean, Xabier Amurizak idatzitako Bizitza bat oroimenean liburu auto bibliografikoaren zati bat antzeztuko dute, eta Etxanoko eleizan Brioletak abesbatzaren parte hartzearekin bukatuko da antzezpena. Jarraian, bideo proiekzioa eta herri bazkari batekin amaituko dute goiza. Arratsaldean, bazkal ostean, Eneko Larruzearekin kantaldia antolatu da.
Iluntzean, Amorebieta IV frontoiko sarreran Soinu Txikikoen emanaldia izango da, eta 21:30ean Ikuskizuna antolatu dute euskal herriko hainbat gonbidatu bereziekin: Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta herriko musikariak.

Zorionak Xabier!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button