MUSIKA

Swans bandak Durangon joko du

Iazko abenduan Bilboko Kafe Antzokian izan osteran, New York hiriko Swans talde zaratatsua Durangoko Plateruena antzokian izango da gaur, urriak 3, 21:00etan. Estatubatuarrek To Be Kind (2014) lana aurkeztuko dute; oholtzan Pharmakon eta Ainara LeGardon ere izango dira.

Michael Girak abeslari eta gitarra-jotzaileak zuzendutako Swans taldea 1982an eratu zen NY hirian, eta 1997 urtera arte dozena bat disko inguru argitaratu zuen, azpimarragarriena Cop (1984), zeina taldearen klasiko eta noise-rock estiloaren gailurretako bat bihurtu den.

1997an, taldea desegin zen, Girak jotzen jarraitu zuen arren; halere, 2010ean taldea estudio eta agertokietara itzuli zen My Father Will Guide Me up a Rope to the Sky (2010) diskoarekin. Horren atzetik, The Seer (2012) eta To Be Kind (2014) etorri ziren.

Swansen proposamena intentsitate eta bolumen handiko soinu-orea da, eta askotariko estiloetan mugitzen da: noise-rock, post-punk, industriala, no wave… Taldearen kontzertuak muturreko esperientziak dira, ikaragarrizko bolumenarekin eta intentsitate ikaragarriarekin jantziak.

Pharmakon, berriz, NY hiriko bakarlaria da, eta elektronika eta musika deat-industriala uztartzen ditu. Azkenik, Ainara LeGardon ere Durangon izango da; LeGardonek Every minute izenburuko lan berria labetik atera berri du, halere, Durangoko kontzertuan ez du lan berriko doinurik joko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button