MUSIKA

Udako musika astea martxan, Bakion

Bakioko Udalak urtero antolatzen du musika aste bat, uda garaian. Aurten Bakioko Abesbatzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak XXXII. Musika Astea antolatu dute uztailaren 13tik 27ra.

Guztira sei kontzertu antolatu dira kostaldeko herrian. Lehena joan den barikuan izan zen Txakolingunean, The Old Timey String Band taldearekin. Beste guztiak, ohi den bezala, Andra Mari elizan izango dira uztailaren 16, 17, 18 eta 19an, 20:00etan.

Programazioaren barruan honako hitzorduak ondu dituzte: uztailaren 16an, Soinuaren Bidaia izeneko emanaldiaz gozatzeko parada eskainiko dute Alberto Urretxok (tronboia), Adriana Grigorasek (biola), eta Amaia Zipitriak (pianoa). Hurrengo egunean, Bermeoko Abesbatza arituko da Karmele Barrenaren zuzendaritzapean.
Uztailaren 18an, Itxaso Sainz de la Maza (pianoa), Jone Martinez (sopranoa) eta Irene Fraile (sopranoa) hirukotearen txanda izango da, eta Andra Mari elizan egingo den azken kontzertuaren ardura, Arima Kamerata taldeak hartuko du, uztailaren 19an.

Azkenik, uztailaren 27an, D´Capricho taldeak kontzertu berezia eskainiko du, berriz Txakolingunean. Kontzertu guztietan sarrera doakoa izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button