BERTSOTAN

“Udaberriko bertso saioak” programa

Udaberriko bertso saioak programaren XXVII. edizioak Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetako hainbat finalista bilduko ditu maiatzeko hiru larunbatetan.

Bere XXVII. edizioa datorren maiatzaren 7an zabalduko da, Santutxuko Karmelo plazan. Lau aldiz txapeldun nagusia izan den Andoni Egaña, Amets Arzallusekin, Aitor Sarriegirekin eta Aitor Mendiluzerekin arituko da. Emanaldia, ohikoa denez, eguerdiko 13:00etatik aurrera izango da, Karmelo plazan.

Maiatzaren 14ko hitzorduan, duela denbora gutxi ospatu den Bizkaiko Txapelketako finalistak izango dira aurrez aurre. Arkaitz Estiballes txapeldunak errebantxa eskaini ahal izango die Etxahun Lekueri, Onintza Enbeitari eta Beñat Ugartetxeari.

Azken saioa maiatzaren 28an burutuko da, eta aurreko guztiak bezala, eguerdiko 13:00etatik aurrera izango da, Karmelo plazan. Oraingo honetan, Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean parte hartu zuten beste lau bertsolari izango dira oholtza gainean: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Jon Maia eta Unai Iturriaga.

Aurreko edizioetan bezala, Karmelo plazan emango diren hiru bertso saioez gain, programazioaren barruan, Begoñako Udaltegiak emanaldi berezia jasotzen du maiatzaren 21ean, 12:00etan. Umeei eta familiei zuzendutako Katillukadak txotxongilo ikuskizuna izango da.

Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, Udaberriko bertso saioak programa euskaltzaleen arteko topaleku bilakatu nahi da eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskolak gure Hirian burutzen duen lana bultzatu nahi du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button