BERTSOTAN

Tomasita Quiala ‘repentista’ eta Araceli Argüello ‘payadorea’ gaur Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran

Iruñean gaurko saioarekin hasiko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira eta ondorengo egunotan emango dio jarraipena aurtengo edizioak.

Gaurkoan, Iruñeako Udalak eta  antolatuta, Tomasita Quiala ‘repentista’ kubtarrak eta Araceli Argüello ‘payadore’ argentinarrak Maddalen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariekin jardungo dute arratsaldeko 19.00etan, Zentral aretoan eta doako sarerarekin.

Tomasita Quiala Kubako gaur egungo ‘punto cubanoaren’ ordezkari garrantzitsuenetakoa, ez da lehenengoz datorren aldia Euskal Herrira. Izan ere 1998an Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroan hartu baitzuen parte. Eta Araceli Argüello gazteak bestalde, 23 urte izan arren, ibilbide esanguratsua du, duela 10 urte pasatxo hasi baitzen ‘payadan’.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuek , tokian tokiko antolatzaileekin batera ondutako egitasmoa da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira eta izenak berak ongi adierazten duen moduan, bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko ditu proiektuak, munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuen inguruko ezagutzari jarraipena eman asmo.

Aurtengo edizio honetan, Kuba, Argentina eta Euskal Herriko inprobisatzaileak izango dira gonbidatuak eta bertoko bertsolariekin jardungo dute gaurtik igandera bitartean, egunero emanaldi bat eskainiz. Iruñea, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia izango dira egitasmoaren erakusleiho.

Bihar asteazkena urriak 10 Erandion; etzi osteguna 11, Hernanin; ostiralean Gasteizen , larunbata urriak 13, Baionan eta Igandean, urriak 14,  Donostian egongo diren saioarekin osatuko da aurtengo edizioa. Saio bakoitzeko informazioa eta sarreren gainekoa mintzola webgunean.

Informazio gehiagorako ikus egitaraua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button