LITERATURA

Zahartzarora hurreratzeko emanaldi poetikoa

Urritik azarora bitartean, Bilboko Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren laugarren edizioa egingo da. Bertako egitarauak lau hitzordu ondu ditu.

Lehen zita urriaren 19an izan da, literatura feministari buruzko Ahots Planeta podcastaren hirugarren edizioa aurkeztu zuen zuzenean Idoia Carramiñana podcastgileak, Albina Stardust drag artistarekin.

Aste honetan, urriaren 26an, bigarren Hi(ZKI)bridoa izango da Elkarrizketa bat pianoarekin: Zahartzaroa emakumeen euskarazko poesian izenekoa. Bertan Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Lili arituko dira. “Zahartzaroa izendatu, balidatu eta hausnartzeko aitzakia bat da ekimen hau. Jolas egiteko ere bai, olgeta ez delako umezaroko kontua bakarrik. Euskal emakume idazleek sortutako hamaika poemen bidez hurreratuko gara zahartzarora, eta pianoa izango dugu bidelagun. Elkarrizketan jarri ditugu poemok eta teklatu baten aireak. Atmosfera horrek ahalbidetuko digu, parte hartzaileoi zein publikoari, poesiak zahartzaroari eman dizkion erantzun batzuk bilatzen, galdera berriak sortzen eta gorputzetik sortutako pentsamendu propioak eraikitzen.”

Azaroan beste bi saio antolatu dira: 23an, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariak eta Dom Campistron ilustratzailea bilduko dira Bertsolari bekatorosak izeneko saioan. Eta azkenik, azaroaren 29an, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hau gerra bat da izeneko pieza ikusteko abagunea egongo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button