MUSIKA

Suzanne Vegak gidatutako opera emankizun bakarra Arriaga Antzokian

Einstein on the Beach opera ezaguna helduko da igande honetan, maiatzaren 26an, Arriaga Antzokira. Arratsaldeko 19:00etan eskainiko den emankizun bakarra, musika-tresna eta ahots birtuosoak nabarmentzen dituen kontzertu bertsio berezia da, bestelako ikuspegi eta protagonisten lan bikainari esker.

Hala, Suzanne Vegak gidatuta, nazioarteko lehen mailako bi musika talde arituko dira oholtzan: Georges-Elie Octorsek zuzendutako Ictus Ensemble musika garaikide talde ospetsua, eta Collegium Vocale Gent, Ganteko Ahots Ikastetxea. Agertokian erakusten duten trinkotasunak erakusten du zergatik diren hain musika garaikide talde ospetsuak.

Suzanne Vega abeslaria izango da operaren gidaria, kantari-narratzaile gisa egiten duen interpretazio azpimarragarriarekin. Une bikainak oparitzen ditu emanaldian, eta jatorrizko libretoaren irakurketa pertsonala eskaintzen du, hainbat aurpegi dituen narratzaile bilakatuta, Christopher Knowlesen, Samuel M. Johnsonen eta Lucinda Childsen testuetan agertzen diren ahotsen collageari bizia emanez. Era honetan, parte hartzen duten artista guztien artean batasun dramatikoa eskainiko du.

Einstein on the beach 1976ko Avignongo jaialdian estreinatu zen, arrakasta handia lortuz Europan eta Estatu Batuetan. Pieza, abesbatzarako eta ensamble anplifikaturako dago idatzita, ganbera taldearen eta pop bandaren arteko formula hibridoarentzat: bi teklatu jotzaile, organoak eta sintetizagailuak, saxofoiak, txirulak eta klarinetea.

Einstein on the beach  lanak opera izena hartu zuen, eta “Glassek opera konposatzaile gisa egin duen ibilbidearen benetako hasiera markatzen du, opera mota baterako eredua sortuz: ez narraziozkoa, estatikoa, irudi eta letra asoziatiboekin eta keinu txikiena ere kontu osoz koreografiatuta dagoen ia errituzko prozesuarekin”.

Hitzordua, maiatzak 26, igandez, arratsaldeko 19:00etan. Informazio gehiago, Arriaga Antzokia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button