BESTELAKOAK

Komikiaren paradisua Getxoko Komiki Azokan

Azaroaren 23tik 25era, Getxoko Komiki Azokaren hamaikagarren aldia abiatuko da kostaldeko herri horretan. Komikia erabateko protagonista den ekimenaren aurkezpena egin da gaur goizean Bilbon, horretarako propio eratu den prentsaurreko batean, non Imanol Landa Getxoko alkatea, Mikel Etxebarri Diputazioko ordezkaria eta Iñaki Elorriaga Azokaren antolatzailea, bildu ziren.

“Getxon 60 stand baino gehiago aurkituko dituzte bisitariek eta horrek zerbait potente datorrela esan nahi du, izan ere kalitatezko programazioa dator hainbat prestigiodun egileren presentziarekin”, esan du herriko alkateak.

Eta hala da, izan ere, Komiki Azokak jarduera-egitarau zabala atondu du datorren asteko astebururako, eta hiru jardunaldietan zehar, bineta munduaren zaleentzat paradisua izango da Getxo.

Ohi bezala, artista arrakastatsuak etorriko dira Getxora. Oraingo honetan, Eddie Campbell eskoziarra, Miguelanxo Prado (Komikiaren Sari Nazionala jaso berri duen egilea), Max, Santiago Valenzuela, Mauro Entrialgo, Marika, Teresa Valero, Hernán Migoya, Albert Monteys, Manuel Bartual, Javier Pulido, Javier de Isusi eta beste asko.

Programazioan, egile hauekiko hitzorduak atondu dira baina bada zerbait gehiago ekimen entzutetsuaren barruan. Hala, urtero komiki munduko profesionalei egiten zaien omenaldia ez da faltako. Aurten,  Europako komiki etxe garrantzitsuenetakoa den Norma Editorial eta Ondarroa ingurutik komikia sustatzen urteak daramatzan Luterl Taldea izango dira omenduak.

Komiki erakusketak ere antolatu dira. Honakoak ikusi ahalko dira hainbat espaziotan: Ardalén, Miguelanxo Pradoren eleberri grafiko berriari buruzkoa; Hazañas bélicas de ayer y hoy ; TMEO umore grafikoko aldizkariren gainekoa; Santiago Valenzuelaren erakusketa; Raquel Alzateren La caja negra; Iñaket-en Old Dibuix eta nuevos; eta Koldo Azpitarte eta Ángel Unzuetaren Reliquias.

Hauei guztiei hitzaldiak, mahai-inguruak eta proiekzioak ere gehitu beharko zaizkie, eta tartean ere, Arrugas filma eskainiko da.

Hau eta beste mila kontu, komikiaren paradisua izango den Getxoko Komiki Azokan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button