MUSIKA

“Poetak Maiatzean” jaialdiaren barruan, Anari

Gasteizen Poetak Maiatzean jaialdia garatzen ari da hil honetan. Bada, gaur letra guztien artetik musiak izango da protagonista euskal kantari batekin: Anari. Euskal kantautoreak, oraingoan bakarka, ibilbide bat egingo du bere diskografia zabaleko hainbat abestitan barrena.

Maiatzean zehar, mintegiak, errezitaldiak, kontzertuak, poesiaren inguruko tailerrak, ikusizko poesiaren erakustaldiak, irakurketa herrikoiak… antolatzen dira, eta bertan parte hartzen dute tokiko eta gonbidatuko poetek, taldeek, elkarteek, kantautoreek, musika-taldeek, aktoreek, musikariek edo dantzariek, besteak beste. Helburu nagusiena da poesia hedatzea hiri osoan zehar (hala nola eskolan, Unibertsitatean, liburutegietan, tabernetan, merkatal-guneetan, hiriko toki emblematikoetan…).

Bada programazioaren barruan, bihar, 19:30, Vital Fundazioa Kulturunean Anari arituko da. Ibilbide luzeko euskal kantautorea da, diskografia zabala atera duena, bai bakarka, bai hainbat artistarekin elkarlanean. Euskal eszenako ahotsik pertsonal eta garrantzitsuenetakotzat jo da beti. Bere ahots hautsi eta leuna goraipatua izan da beti, baina, batez ere, abestien testuetatik datorren poetika. Duela gutxi argitaratu du bere lehen liburua: Gari eta goroldiozko (Susa, 2022). “Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button