MUSIKA

Antton taldeak estreinako diskoa plazaratu du

Antton Uriarte gitarra eta abeslariarengandik hartzen du bere izena Elorrioko egitasmo berri honek. Haatik, ez da kantautore proiektu bat, bost musikarik osaturiko pop-rock taldea baizik. Izan ere, 2011ko hasieran eratu zen. Gaur goizean aurkeztu du Bilbon Gorantz erori (Baga Biga) euren lehendabiziko diskoa.

Aipaturiko Antton Uriartek, Rami Unzeta bateria jotzaileak eta Txaber San Pedro baxu jotzaileak parte hartu dute aurkezpenean. Aldamenean Ritxi Aizpuru diskoetxeko koordinatzailea izan dute. Boskotea Mikel Nuñezek (teklatua) eta Lander Irazolak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. Azken hori Lor taldean arituriko musikaria da, Unzeta bateria jotzailearekin batera.

Taldearen jatorria, hain zuzen ere, Landerren eta Anttonen arteko lankidetzan dago. Biak hasi ziren kantuak egiten, lehenengoa bere rock tradiziotik eta bigarrena kantautore jardunetik abiatuta. Emaitza gaur boskote gisa aurkeztu duten Antton taldea eta Gorantz erori diskoa da. “Disko freskoa da, Anttonen kantautore kutsua eta Lor taldearen alde oldarkorragoa biltzen ditu”, azaldu du Rami Unzetak. Epikotasunari begiratzen dion pop-rock diskoa dela esan daiteke. “Suabe hasten gara, eta gero kantua garatzen dugu eztandara iritsi arte”, esan du Anttonek.

Hitzei dagokienez, Antton arduratu da idazteaz eta diskoaren izenburuak adierazten duen kontzeptuaren inguruan gorpuztu ditu. “Izenburuak hainbat kontzeptu hartzen ditu, hala nola, denok dugu asko kontraesanetatik, kontraesana baikara”. Edozelan ere, hitzetan izan dira kolaborazio batzuk. Hala, Sustrai Kolinak Hartu arnasa kantuaren hitzak idatzi ditu, eta Maitasuna ixil ixilik Amets Arzallusen, Kolinaren eta Endaika Zarrabeitiaren hiru bertsotan oinarritzen da. Horretaz gain, Zea Mayseko Aiora Renteriak Ohe hutsegiak kantua abestu du.

Diskoa 2011ko irailean grabatu eta nahastu dute Ondarroako Santos Records estudioan Mikel Santos teknikariaren gidaritzapean, eta iragan larunbatean aurkeztu zuten Durangoko Plateruena aretoan. Abenduaren 7an halaber, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango dira, eta 23an Gernikako Gaztetxean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button