MUSIKA

Saminetik sortutako ospakizun dantzagarria

Doctor Deseo taldeak La fuerza de la ragilidad (Baga Biga) izenburuko disko-liburu berria aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Diskoak hiru elementu biltzen ditu: Francisek idatzitako hitz guztiak biltzen dituen liburua; zortzi kantu eta hiru bonus track jasotzen dituen diskoa; eta, azkenik, Euskadiko Orkestrarekin grabatutako DVDa.

Francisek azaldu duenez, diskoa gertuko pertsona baten heriotzak eragindako lana da. “Baina ez da arrangura bat, hauskortasunetik indarra atera baitaiteke, bestearen minarekiko solidarioago eta enpatikoago den indarra”, esan du abeslariak diskoaren izenburua aipatuz.

Hala, grabazioa “bizitzaren ospakizuna” da, eta horretako “dantzarekin jokatu” dute. “Rock’n’roll, garage-rock, edota vals, dance garaikidearenarekin uztartuta: electro-swing, dubstep, house… Eta gitarra asko, mordoa, horrela atera zaigulako eta horretarako gogoa genuelako; disko basatia da, primarioa”. Basakeria horren harira, kontzertuak “intentsitate eta potentzia handikoak” izango dira. Ramones-en antzekoak”.

Elementu guzti horiei batzeko orduan ezinbestekoa izan da Cesar Ibarretxe “soinu-aztiaren” lana. Horrekin batera, Francisek Raul teklista eta alde sintetikoaren arduradunaren lana azpimarratu du, diskoa elektronikaz jantzita baitator. “Naturaltasunez aritzen gara esparru elektroniko horretan”, nabarmendu du. Hitzen harira, Francisek norberaren “lurraldetik” abesten jarraitzen du. “Baina lurralde hori edonorena izan daiteke”.

Diskoaren harira, DVDko edukia nabarmendu du, zeinak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako doinuak biltzen dituen. “Oso beldurtuta geunden, baina lana asko erraztu ziguten. Orkestra sinfoniko baten erdian abestea zerutik gertuen dagoen sentsazioa da”. Aipatzekoa ere bada, lehenengo diskoan bildutako Escupe a la muerte kantuaren moldaketa akustikoagoa ere bildu dutela, Q me quiten lo bailado izenburupean, hainbat soka-konponketaz jantzia.

Diskoa aurkezteko 30 kontzertu inguru egingo dituzte, eta estreinakoa etzi izango da, Durangoko Pleteruenan. Gero, apirilaren 28an, Santanderren; maiatzaren 5ean, Gasteizen; 11n eta 12an, Donostian; 18an eta 19an, Bilbon; 25ean, Iruñean, eta ekainaren 2an, Madrilen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button