MUSIKA

Ruper Ordorikak bere hogeigarren lana argitaratu du

Ruper Ordorikak 1980. urtean argitaratu zuen Hautsi da Anphora bere estreinako lana. Hogeita hamar urte geroago, Hodeien azpian bere hogeigarren diskoa argitaratu du Elkar diskoetxearen eskutik.

Ordorikak gaur goizean aurkeztu du Bilbon hogeigarren erreferentzia hori. Musikariaren hitzetan, “eguneroko oztopoen gainetik jauzi egiteko kantuak dira”. Izan ere, diskoa entzun dutenek lan “positiboa” dela esan diote. Diskoaren izenburua izan du hizpide songwriter-ak. Haren aburuz, sorginek erabili ohi duten Hodeien azpitik eta sasien gainetik konjuruak aipatzen duen tarte horretan baitago mundua. Hain zuzen ere, horrela dio diskoa irekitzen duen Nirekin geratu kantuak: “Hodeien azpian, sasien gainean, han da mundu deritzana”. “Munduari buruzko lana da”, esan du.

Diskoari dagokionez, nabarmendu du taldean eginikoa dela, eta diskoa baino kantu sorta dela. “Banan banako kantuak dira, nahiz eta batera entzuten diren”. Kantuok azken bi urteotan idatzi ditu, Haizea Garizumakoa zuzenean aurkezten zuenean. “Biak batera egiteko ez naiz abila”, azaldu du zuzenean jotzea eta idaztea aipatuz.

Doinu horiek asko landu zituen, Alberto de la Casa mugalariaren laguntzarekin eta gero New Yorkera jo zuen diskoa grabatzera. Bertan, hamabost egunez izan zen Kenny Wolles (bateria), Skuli Sverrisson (baxua) eta Stephen Ulrich (gitarra) musikariekin. Azken hori ez da musikari euskaldunaren ohiko kolaboratzailea. “Punk rockaren eta jazzaren arteko espazioan ibiltzen den musikaria da, zorrotza, Marc Riboten antzera”. Ruperrekin sarritan lan egiten duen Ben Monder gitarra jotzaileak, ordea, hiru kantutan jo du. Azkenik, Gerry Z-k teklatuak jo ditu eta Arkaitz Minez mugalariak biolina. Diskoa analogikoan grabatu du, Haizea Garizumakoa-n egin zuen gisara, hamasei pistako zintan. “Zintan ez dago espekulaziorako tokitik, pisuz jo behar duzu, zuzenean”. Horren harira, Hodeien azpian aurreko diskoaren jarraipena den galdetu diogu: “Disko harekin asko ikasi genuen, batez ere arlo komertzialari dagokionez asko entzun baitzen; bada jarraipenik, baina hau beste giro batekoa da, ez dira gauza berdinak, bi urtetan gauza asko gertatzen dira”. Diskoaren Andy Tomasik grabatu du Brroklyneko Bedford estudioan, ekoizpena Jean Phocasekin egin du Elkar estudioetan, eta masterra Jonan Ordorikak egin du.

Angel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkariak, halaber, musikaren eta hitzen arteko “fusioa perfektua” dela esan du. “Oreka” hori lorpen handia izango litzatekeela erantzun du Ruperrek, “ez baitakit oreka hori zer den”. Dena dela, disko “zuzena eta argia” dela azpimarratu du, “gaiak ere nabarmenak dira”. Kantu umoretsuren bat ere badela iragarri du, Nora zoaz bakarrik doinua, hain zuzen ere. Hitzak berak idatzi ditu.

Abenduaren 1ean aurkeztuko du Ruperrek lan berria Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; 11n, Elgetako Espaloian; 23an, Bilboko Kafe Antzokian, eta 29an, Donostiako Victoria Eugenian. 2012ko urtarrilaren 7an, halaber, Durangoko Plateruenan izango da eta 14an Zarauzko Lizardin. Mugalari lanetan honakoak arituko dira: Lucho Neira, Hasier Oleaga eta Arkaitz Miner.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu