MUSIKA

Zea Mays eta Korrontzik, disko berriak

Zea Mays eta Korrontzi taldeek lan berriak aurkeztu dituzte asteon, Da eta tradition 2.1, hurrenez hurren.

Zea Mays laukote bilbotarrak ekoizle batekin egin du lan estreinakoz Da diskoa, eta ez edonolako produktorea. Izan ere, Dave M. Allen ekoizle ingelesa The Cure, Depeche Mode eta Chamaleons taldeekin aritutakoa da. Aiora abeslariak azaldu duenez, iragan udan ezagutu zuten Lekeition Allen: “Txosnetan egin genuen kontzertua, nahikoa ekipo txarra zegoen, baina ahalik eta emanaldi onena egiten saiatu ginen Dave konbentzitzeko”. Ekoizlearekin lan egitea esperientzia “berria, emozio handikoa, eta liluragarria” izan dela nabarmendu du Aiorak.

Diskoak 13 kantu biltzen ditu, eta Tio Pete estudioan grabatu dute Jose Lastra teknikariarekin. Gero, Dave Allenek nahasketa egin du Londreseko Club Ralph-en. Masterizazioa ere Ingalaterrako hiriburuan egin du Andy Hippy Baldwinek. Emaitza bikaina da, elektronikaren eta rockaren esparruetan sustraitutako kantuak; soinua, berriz, ikaragarria.

Lehenengo aurkezpen-kontzertuak Asturiasen egingo dituzte, Gijonen eta Oviedon, azaroaren 29an eta 30ean, hurrenez hurren. Abenduan, berriz, Euskal Herrira itzuliko dira: 14an, Atarrabiako Totem aretoan izango dira; 19an, Donostiako Gazteszenan; eta, amaitzeko, 26an, Bilboko Kafe Antzokian.

Disko bikain hau euren webgunean dago eskuragarri.

Korrontzi, tradizioa gaurkotzen


Korrontzi folk taldeak, halaber, tradition 2.1 izeneko lana (diskoa, liburua eta DVDa) argitaratu du Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin.

Agus Barandiaran trikitilariak azaldu duenez, diskoa hiru urteko lanaren emaitza da: “Munduko 26 estudiotan grabatu da, eta 60 musikari inguruk hartu dute parte, tartean, Phil Cunningham eskoziarra”.

Izan ere, azken hiru urte hauetan munduko hainbat folk jaialditan parte hartu du Korrontzik Getxo (2008) diskoari esker. “Disko horrek oihartzun handia izan zuen Europan, eta ate asko ireki zizkigun: Italia, Portugal…”. Hala, jaialdi horietan ezagututako hainbat musikarik parte hartu dute diskoan, “beti ere, tradizioa gaurkotzeko aurrekoari uko egin gabe”. Gaurkotasun hori aipatzen du, hain zuzen ere, tradition 2.1 izenburuak: “Tradizioaren bertsio berri bat”.

Amaitzeko, nabarmendu behar da diskoaren postprodukzioaz hiru Grammy sari jaso dituen Javier Limon arduratu dela. Horrez gain, bi kantutan ere jo du gitarra. Disko berriko doinuok larunbatean, azaroak 9, entzungo dira Ordiziako Sustraiez Blai jaialdian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button