MUSIKA

Musika klasikoaren maratoia

Bilboko Udalak antolatutako Musika-Música jaialdiak bere 23. edizioa aurkeztu du. Jaialdia  martxoaren 1, 2 eta 3an egingo da, musika deskriptiboa lantzeko Irudiak izenburupean. Atzoko prentsaurrekoan, Amaia Arregi Alkateak, Gonzalo Olabarriak, Kultura eta Gobernu Zinegotziak, eta Begoña Escribanok, Musika-Músicako zuzendariak parte hartu zuten, eta makina bat azalpen eman zituzten.

“Musika maratoi bat, kontzertu gehienek 45 minutuko iraupena izanda, eta prezio herrikoiekin; honek publikoak, bere interesen arabera, egun berean proposamen sinfonikoak, kamara-proposamenak eta errezitalak uztartzea, musika eta zinemaren arteko harremanari eskainitako saioetara joatea eta familiarekin gozatzea, gazteenak musikarekin gozatzera hurbilduta, ahalbidetuko du”, zehaztu zuen Gonzalo Olabarriak, Kultura Zinegotziak.

Bizkaiako hiriburuan musika asko entzungo da berriro, ia maratoi formatuan, izan ere, hiru egunetan 70 kontzertu baino gehiago programatu dira. Martxoaren 1ean, 19:00etan, Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua jasoko du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik, Lucas Macíasen zuzendaritzapean, Jesús Guridiren Eusko Irudiak eta Modest Myssorgskyrek Maurice Ravel-en orkestrarako egindako Cuadros de una exposición lanak jorratuta. Horretaz gain, beste saio guztiak Euskalduna Jauregiko gune desberdinetan antolatuko dira aldi berean.

Hortaz hiru egunez, melomanoentzat edota musikaz gozatu nahi duen pertsona ororentzat Beethoven, Falla, Granados, Debussy, Ravel, Alcalde eta Bernstein musikagileen soinuak haizatuko ditu Musika-Música jaialdiak. Guztira ehun obra zabalduko dira, 1.000 profesional eta 700 interprete gaztek parte hartuta
Horretaz gain, irudi literarioak, artista maisu batzuen margolanak, naturaren eszenak, eta Chaplinen edo West Side Story filmen fotogramak hibridatuko dira musikaz jantzita.

Kontzertu Sinfonikoak eta Koralak Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa eta Madrilgo Erkidegoko Orkestrak egingo dituzte.

Larunbat goizean, Musika eta artelanak gaiari buruzko mahai-inguru bat antolatu da, César Cocak moderatuta eta Miguel Ángel Marín Juan March Fundazioko musika-zuzendariaren, Isabel Urrutia konpositorearen eta Isabel Villanueva biolin-jotzailearen partaidetzarekin.
Eta interprete gazteek Kioskoan izango dute beren espazioa. Hor, gainera, Kantamundi programaren edizio berri bat jorratuko da.

Prestatu zaitezte musika-maratoirako!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button