BESTELAKOAK

“Euskarak 365 Egun” ekimena martxan

Euskaltzaleen Topaguneak, laster datorren Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen Euskarak 365 Egun ekimena aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabal, Durangoko Berbaro elkarteko zuzendari Maite Berriozabal eta Basauriko Euskarabila elkarteko dinamizatzaile Amaia Aurrekoetxearen parte hartzearekin.

Ekimen handi honek Euskararen Egunean euskaltzaleei kalera irteteko deia egin nahi die, Euskal Herri osoan egingo diren ekimenen bitartez. Hortaz, Euskarak 365 Egun ekimena, herriz herri ekitaldi ugari bilduko dituen ekimen handia da, garena ospatzeko, eta lortu nahi duguna aldarrikatzeko, “365 egunetan euskaraz bizi”.

Euskaltzale guztiok plazara aterako gara euskararen alde hainbat ekimen txikirekin. Euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du Topaguneak eta etorkizunean ere, hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin die euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko.

Beraz, herriak sortutako egitasmoa da, herritarrei zuzendua eta herritarrek egina.

Basaurin, adibidez, Basaurin Be Bagara lemapean, aurten ere, euskararen aldeko beste ospakizun bat egiteko proposamena luzatuko dute bertako lagunek. Horretarako, abenduaren 1ean, herriko sei muturretatik abiatuta, festa giroan, kalejiran zeharkatuko da herria, auzoz auzo, denok Solobarria plazan elkartu arte. Hori izango da Euskarak 365 egun dituela aldarrikatzeko modua.

Eta hala, Euskal Herriko txoko askotan. Auzolan itzel handia euskararen alde. Euskal Herri osoan 50.000 kartel banatu dira eta ekimenak badu webgunea, honezkero martxan dagoena. Webgune honetan euskaltzaleek beraien argazkiak igo ahal dituzte babesa adierazteko.

Animo!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button