MUSIKA

Ostegunetik igandera bitartean, ekimenez beteta Atlantikaldia jaialdia, Errenterian

Marea Biziak leloa aukeratu dute jaialdia laburbiltzeko. Izan ere, marea bizietan gertatzen den legez, itsasbeherarekin urak  estalita  izan  ohi  dituen  zirrikitu  eta txokoak bistaratzen diren bezala,  Atlantikaldiak  ere,  oraindik  ezagun  ez  diren  sortzaile  eta  artistak  azaleratzeko  apustua  egin  nahi  du, sortzaileentzako  kultur topagune bilakatuz. Hala, “itsas  korronteek  eragindako  Marea  Biziek  sorkuntzaz  beteko  dute  aurtengo Atlantikaldia”.

Era honetan,  aurreko edizioetan bezala, jaialdia bi zutabetan ardaztuko da: kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko dituen kultur topagune eskaintza zabala, eta  kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarren musika jaialdi erraldoia.

Horretarako, askotariko ekimen eta musika ekimenak jasotzen ditu egitarauak  bere bosgarren edizio honetan, beti ere hasierako izaera galdu gabe: “Errenteriaren itsas memoria berreskuratzea, herria mundura begira jartzea eta mundua herrira begira jartzea”. Era berean, “tradizioak berreskuratu, plazaratu eta herriaren nortasuna aberastu” nahi ditu egitasmoak.

Kultur ekimenak Oiartzun ibaiaren inguruan eta Itsas Topaleku kontzeptupean sortutako zortzi gune berezietan garatuko dira, eta agertoki nagusian, (Lehendakari Agirre plazan) musika izango da protagonista, bost emanaldi handirekin. Hala, aurtengo musika jaialdiko kartel nagusia honakoek osatuko dute:  Argentinako Nathy Peluso taldeak;  Jamaikatik datorren The Skatalites bandak, Maroko eta Frantziatik  Abdul & The Gang-ek;  eta Beningo BIM taldeak.

Ostegunean bada, Nogen taldeak emango dio hasiera (18:00) musika egitarauari agertoki horretan. Eta ondoren oholtzara igoko dira Nigeriako Nosa Marshal (18:30) eta Oreka TX (Euskal Herria) eta San Salvador (Okzitania) taldeak.
Eta igandera bitartean, beste 17 musika emanalditan, hainbat kolaborazio izango dira musikaz gozatzeko:  Abdul & The Gang talde frantses-marokoarrak Korrontzi taldeko Agus Barandiaranekin partekatuko du oholtza; Jamaikako The Skatalites taldeko kideek Isheba & Rakel Koromaren dantza izango dute lagun; BIM taldeak eskainiko duen musikari Tio Teronen Semeek jarriko diote dantza; eta Nathy Pelusok Ortzi Acosta zirku artista izango du alboan.

Eta jaialdiaren izpirituari jarraiki, memoria historikoa eta gaur egungo migratzaileen egoera uztartuko dituzten sorkuntzak plazaratuko ditu: Dantzaz Konpainiaren Basoan ikuskizuna, eta Errenteriako Musika Bandak, Andra Mari Abesbatzak eta Oihane Enbeitak sortutako Itsasoaren enbatak, besteak beste.

Eta dantza eta gastronomiari dagokionez ere izango da zertaz gozatu: Atlantik 1050 proiektua, Etxepare Euskal Institutuak Errenteriako Ereintza Dantza Taldearekin eta Dance Base-rekin (Eskoziako Dantza Zentro Nazionala) elkarlanean  egindako ikuskizuna; edota  gastronomia erakustaldi bat: Foru plazan kokatuko den munduko gastronomia ezberdinak dastatzeko aukeraz gain,  Mugaritz jatetxeko Javier Vergara eta Kosta Kostov sukaldari eta DJ bulgariarraren eskutik ikuskizun berezia. Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunean tailerrak, formatu txikiko kontzertuak, ipuin kontalariak… izango dira. Eta Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, eta gazteei zuzendutako ekintzak hartuko ditu: hip hop dantza tailerra, rap tailerra, graffitiak, kale kirolak…

Egitarauaren egunez eguneko informazio osoa duzue hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button