BESTELAKOAK

“Kapital Publikoa”, Bermeoko Talako kantinan

Jose Luis Otamendi idazle eta poetak Kapital Publikoa (Susa) poemategia aurkeztuko du urriaren 8an, Bermeoko Talako kantinan, 20:00etan.

“Denona den hori da kapital publikoa” diosku Otamendik, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten du poetak. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.

Euskal poesigintzako ahots nagusietako bat da Jose Luis Otamendi. Bere zortzigarren poema liburu hau hiru ataletan banatuta dator: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea.

Horrekin batera, Talako kantinak bestelako ekitaldiak ere iragarri ditu. Urriaren 15ean, Euskal Herriko talaiak Bermeotik ikusita izenburuko berbaldia egingo du Xabier Alberdi itsas historialariak. Urriaren 22an, berriz, Bokarta dastaketa izango da, Arroyabe kontserbetako ordezkari Bittor Agirrerekin: Udaberrian edo udan arrantzatutako antxoen arteko desberdintasunak.

Amaitzeko, urriaren 29an, Frantxun Atxak argazki eta testu erakusketa izango da, Alberto Casinaren (argazkilaria) eta Ekaitz Goienetxearen (kazetaria) eskutik. Ekitaldiok ostegunetan egingo dira, eta Eguen sozialak izenburupean bildu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button